Ura apurka-apurka berrituko dute eta doanaren beroa gordeko du sistema berriak. Ur iragazkia berritu, eta kantxako kondentsazioa konpondu dute Bikuña kiroldegian
Bikuña kiroldegiko igerilekuan legeak hala aginduta egunero libratu behar dituzten 15.000 litroak bestela kudeatzeko sistema berria jartzen ari dira. Ura bat-batean bota beharrean 1.000 litro botako dituzte orduko eta, gainera, ur hori guztia ez da aurrerantzean Urola errekara joango, ur saneamendu sistemara baizik. Sistemak beste dohain bat ere badauka. Hain justu, ura libratzen den eran, doanaren beroa igerilekura sartzen den ur berriarentzat gordetzen da. Iñigo Imaz Legazpiko kirol zinegotziak sistema berriaren «eraginkortasun energetikoa» nabarmendu du.
Orain artean Urola ibaira joaten zen ur hori guztia klororik gabe joaten bazen ere, Peio Garmendia kirol teknikariak errekarentzat ur emari hori ez jasotzea «onuragarria» izango dela adierazi du.
Berrikuntza gehiago
Ez da Bikuña kiroldegian egin duten berrikuntza bakarra, baina Legazpiko Udalak aurreko sisteman egin du inbertsiorik handiena: 40.000 euro. Edonola ere, Imazek bi urtean inbertitutakoa amortizatuko dutela zehaztu du, baita Energiaren Euskal Erakundetik diru laguntza jasoko dutela ere.
Abuztuan igerilekuko ur-iragazkia aldatu zuten. Berrikuntza horri lehentasuna eman zioten ordurako aurreko iragazkia huts egiten hasia zelako. 30 urtez lanean egondako iragazkiak akatsak ematen zituen eta Imazen hitzetan, «kezkatuta geunden». Inbertsioa aurten egitekoen artean zegoen eta abuztuan iragazki berria instalatu zuten. Iragazkiak 600.000 litro ur kudeatzen ditu eta aurrekoa burdinezkoa izanda erdoiltzen hasia zen.
Iragazki sistema ezinbestekoa da igerilekuan ura behar bezala egon dadin. «Ez badu ongi funtzionatzen elementuren bat motorrean sartu eta arazo larriak sortu daitezke», dio Garmendiak. Iragazki berrian 26.000 euro inguruko inbertsioa egin du Legazpiko Udalak.
Haizagailuak kantxan
Bikuñako Kantxan antzemandako kondentsazio arazoari irtenbide bat emateko sistema instalatu zuten kiroldegian aurreko ekainean.
Francoil izeneko lau aparailu jarri zituzten zeinetatik beroa ateratzen den. Bero hori guztia kantxako sabaian gera ez zedin, hamabi haizagailu sakabanatu zituzten. Izan ere, aurretik, kanpoko eta barruko tenperaturen arteko aldeak zorua busti eta labainkorra bihurtzen zuen. Sistema energiaz elikatzeko dutxetatik hartzen dute beroa eta ez dago energia gain kosturik. Kantxako kondentsazio arazoak konpontzeko sisteman 30.000 euro inbertitu ditu udalak. Inbertsio hauek guztiak aurtengo aurrekontuetan sartuta zeuden.