«Niretzako denbora ateratzeko aprobetxatuko dut Olano taberna itxita»
Erretiroa ondo merezia du Mari Karmen Ansorenak. Ia 40 urte pasa ditu Ordiziako Olano tabernan eta azaroaren 1ean jubilatu da. Aurreko igandean, ...
Erretiroa ondo merezia du Mari Karmen Ansorenak. Ia 40 urte pasa ditu Ordiziako Olano tabernan eta azaroaren 1ean jubilatu da. Aurreko igandean, bezeroei bere esker ona adierazteko festatxoa egin zuten.
Zenbat urte pasatu dituzu Olano tabernan?
Ordiziara orain dela 38 urte etorri nintzela esango nuke. Nire amaginarrebak zeraman taberna garai hartan. Haren aurretik, nire senarraren aitak eraman zuen. Izan ere, berak ireki zuen Olano 1920. urte inguruan. Nire senarra tabernatik pasatu den familiako hirugarren belaunaldia da eta ezin dizut data zehatza esan baina 37 bat urte izango dira Olano taberna gure gain hartu genuela.
Ia 40 urteren ondoren pasadizo asko eta asko izango dituzu kontatzeko.
Eta kontatu ezin daitezkeen beste asko ere bai. Zenbat aldiz esan dugu «Barrendero-k hitzegingo balu…»!
Nor da ‘Barrendero’?
Tabernako paretan zintzilik dagoen zezena da Barrendero, herritar guztiek ezagutzen dutena. Sarri, Olano taberna zein den adierazteko, zezen burua duen taberna aipatzen dute. Aurreko astean, haurtzaindegiko txikiak Olanotik pasatu ziren. Erretiratu behar dudala jakin zuten eta Barrenderori agur esatera etorri ziren.
Asko aldatu al da Olano taberna ireki zenetik?
Taberna bera ez, dekorazioan gauzaren bat akaso, baina tabernaren martxari dagokionez bai; garai batean txikitero asko zegoen eta ardoa zen gehien eskatzen zutena. Egun, polikiago kontsumitzen da eta jendeari tertulian egotea gustatzen zaio.
Zeintzuk izan dira Olano tabernaren arrakastaren giltzarriak?
Egunerokotasuna eta lanerako gogoa. Tradizio handiko taberna da, betiko taberna, eta horrek ere lagundu du.
Erabakia hartzea erraza izan al da?
Garbi nuen ahal izanez gero 63 urterekin erretiratuko nintzela, eta hala egingo dut. Lan asko egin dut, taberna oso lotua da eta nire bizitzaren parte garrantzitsua den arren, erretiratzeko garaia heldu zait.
Eta hemendik aurrera, zer?
BIzi! Lehenik eta behin opor batzuk hartuko ditut eta ondoren urte hauetan denetan egin ezin izan ditudan gauzak egiteko aprobetxatuko dut. Niretzako denbora ateratzeko aukera dut orain, sekula egin ez dudana.
Zer sentituko duzu Olanoren ondotik pasatzean?
Arraroa izango dela aitortzen dut. 40 urte, 40 urte dira! Baina, aldi berean, harro sentituko naiz, urte guzti hauetan egindako lanagatik eta tabernak aurrera jarraitzen duela ikusteak poz handia emango dit.