Aparkalekuetako tasa berria gaur eguerdian jarri dute indarrean Legazpin
Euskal Herria plazako eta paper fabrikako aparkalekuetan 10 zentimo ordainduko da orduko. Legazpin erroldatutakoek hamar orduko hobaria izango dute bi guneetan.
Legazpiko bi aparkaleku publikoetako –Euskal Herria plaza eta paper-fabrika– tasa berria gaur eguerdian martxan jarri dutela jakinarazi du Koldobike Olabide alkateak. Bi aparkalekuetako tasak berdindu dituzte. Gaurtik aurrera hamar zentimo ordaindu beharko da ordubete bakoitzeko. Legazpin erroldatutako herritarrek hobaria izango dute eta hamar orduz jarraian doan aparkatu ahal izango dute bi aparkalekuetan. Ondorengo lau orduetan hamar zentimoko prezioa izango du ordu bakoitzak eta hurrengo bi orduetan derrigor atera beharko dituzte ibilgailuak aparkalekuetatik, Olabideren hitzetan «garaje bihurtu ez daitezen».
Alkateak azaldu duenez, «aparkalekuetako makinetako sistema informatikoan legazpiarren ibilgailuen matrikulak sartzen ari dira». Legazpiarrak, horrenbestez, ez dira udaletxera bere matrikula ematera joan beharko. Sistema berriarekin, matrikula sartuta edo diru-zorro txartela hurbilduta, makinak erabiltzaileei automatikoki jakinaraziko die zenbateko tartea daukaten doan. Hala kanpotarrek nola legazpiarrek ez dute aurrerantzean ordainketa egin dutenaren paperik autoetan utzi beharko makinan matrikula jasota geratuko delako. Legazpiarren kasuan, gaueko orduak ez dira aintzat hartuko hamar orduko doaneko tartean. Bi aparkalekuetan 200 tokitik gora daude. Olabidek azaldu duenez, «Gure helburua autoak kaleetatik ateratzea da».
332 legazpiarrek parte hartu dute aurrekontuetan Irailean martxan jarritako prozesuari amaiera eman diote Legazpiko Udalean. 2017ko aurrekontuetan legazpiarrek egindako proposamenak jaso, eta proposamen horietatik sei aukeratu dituzte. 332 legazpiarrek parte hartu dute eta Koldobike Olabide alkatearen balorazioa «ezin hobea» da. Proposamen gehienak idatziz jaso dituztela ere azpimarratu du Olabidek. Aukeratutako sei proiektuak honakoak dira: Brinkolako haur parkea hobetu eta Armuñoko espaloia txukundu, Bikuña-enean Aizkorri kaleko atzealdeko galtzada berritu, Mantxola edo Txintxo-etxeko ingurua eraberritu, Junetorriko autobusaren geralekuetan aterpeak jarri, argiteria hobetu hainbat gunetan eta Urtatzako zenbait ataritako irisgarritasuna ondu. «Kanpoan geratu diren proiektuak aintzat hartuko ditugu 2017ko aurrekontuetan eta ezin direla burutu ikusten badugu, 2018ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan zuzenean sartuko ditugu», azaldu du Olabidek hurrengo urratsak zeintzuk izango diren argitzeko, «aukeratutakoak zuzenean sartuko dira orain». Datorren urteko aurrekontuetako inbertsio handienak zeintzuk izango diren ez du aurreratu, «osoko bilkuratik pasa behar dira». Abenduko bilkurara eramango dituztela aurreikusi du alkateak.












