Aralarren EH Bilduk "joko bikoitza" erabili izana salatu du Santamariak
Enirio-Aralar Mankomunitateko presidentea eta Ordiziako alkatea den, Joxe Miguel Santamariak, joan den astean Aralarko pisten inguruan EH Bilduk egindako deklarazioei erantzun nahian, Ordizian egindako azkeneko osoko bilkuran esandakoa errepikatu du, «Enirio Aralarko Mankomunitateak Goroskintxuko pista egiteko erabakia aho batez onartu» zela , «Eh Bilduko ordezkarien babesarekin».
EH Bildu, ganaduzale eta gizartearen aurrean «joko bikoitza» egiten ari dela salatu du Santamariak. «EH Bildu publikoki alde dagoela esanez foro batzuetan eta aldiz etengabe oztopoak jarriz, kontserbazioa aitzakia hartuz eta ganaduzaleen beharrez baliatuz joko eta hika-mika politikorako» gehitzen du Santamariak. «Joko horren beste adibide bat» dela esaten du, urriaren 19an egindako Enirio-Aralarko batzarrean, «EH Bilduk pistaren aldeko botorik eman ez izana». EH Bilduk, pistei baiezko botorik ez emateko Ekintza plana «aitzakia bezala ezin» duela hartu nabarmendu du.
Santamariak, «Aralarko baloreak zaintzeko», ganaduzale eta artzainen lan baldintzak hobetzeko, «luzapenik gabe, joko bikoitzetik ihes egin eta ekintzak adosteko jarrera har» dezatela eskatu dio EH Bilduri.