Harrera eguna egin zuten atzo Itsasondon
Itsasondoko Udaleko Ongizate Batzordeak harrera plana landu du 2016 urtean eta atzo plan honen barruko lehen saio informatiboa egin zuten. Helburua, Itsasondora bizitzera eta bertan erroldatu diren pertsonei ongi etorria eman, elkar ezagutu, informazioa eskaini eta euren iritziak, eskaerak eta beharrak jasotzeko bideak erraztea da. Bestetik herrian parte hartzea sustatzea, batzordeetan, elkarteetan, festetan eta horrela herri mugimendua indartu nahi da. Lehenengo saioaren ondoren, Itsasondoko udaletik, lantaldearen balorazioa “oso positiboa” izan dela adierazi dute; “batetik egindako barne lanaren lehen urratsak eman dituztelako eta bestetik partehartzaileek ere, ekimena eskertu zutelako”.
Harrera udaletxean egin zen eta gonbidatutako herritarrez gain, bertan izan ziren ongizate zinegotzia, gizarte langilea, eskolako irakaslea, euskara taldeko ordezkaria eta ongizate lantaldeko kidea. Herriko baliabide gida eta herriko baliabide eta funtzionamenduaren inguruko informazioa eskeini zitzaien gonbidatuei. Ondoren, udaleko instalazioak ezagutu eta herritik bueltatxoa egin zuten; frontoia, herriko tabernak, denda, mediku etxea eta farmazia, jubilatuen egoitza, elkarte gastronomikoa, ikastetxea eta haurreskola, gaztetxea…
Informazio saiorako 28 pertsonei bidali zien eskutitza Udalak, denak 2016 urtean Itsasondon erroldatutako pertsonak dira. Herrialdeei dagokionez Nazionalitatea kontutan izanda Frantziatik (1), Pakistan (2),Errumania (3), Nigeria (4), Nikaragua (3), Marruecos (3), Colombia (1), Senegal (1). Euskal Herriko beste toki batzuetan jaio eta Itsasondora bizitzera joandako pertsonei ere bidali zitzaien gonbidapena.