Udalak, ikastetxeek, Musika Eskolak, Asmube, Oriako Lamiak eta Kontzientzia Morea taldeek elkarrekin antolatu dute egitaraua. Ostiralean, hitzaldia eta Irakurle Taldearen saioa daude Igartzan.
Azaroaren 25a, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. Emakumeen aurkako indarkeria «giza eskubideen urraketa denez, aldarrikapena eta inzidentzia beharrezkoak dira», esan du Irma Arnaiz zinegotziak gaur arratsaldeko prentsa agerraldian. Era horretan, Beasaingo Udalak, Kontzientzia Morea, Asmube, Irakurle Taldeak, Oriako Lamia taldeek, eskolek eta Musika Eskolak indarrak batu dituzte, ahalik eta aldarrikapen indartsuena egiteko.
Ostiralean hasita, ekintza ugari antolatu dituzte. Arnaizen esanetan, «ekitaldi horiek egiteak helburu jakin bat du: berriro ere herria sentsibilizatzea, herria heztea, herria aktibo bihurtzea, herriak identifikatzea zer diren mikro eta makro erasoak». Era horretan, «gure ardura da irakasle, guraso, herritar eta udal bezala… sentsibilizazioa, prebentzioa, erasoa identifikatzen jakiten erakustea, erakundeen arteko koordinaketa, elkarlana, biktimen babesa, erasotzaileen aurkako ekintza judizialak edota sozialak bultzatzea».
Azaroaren 25eko ekitaldia
Azaroaren 25aren harira antolatu duten ekintza sortarekin, «herritarren sentsibilizazioa» lortu nahi dute. «Guztiok elkarlanean ari baldin bagara eta elkarrekin lan egiten badugu, indarrak batu eta askoz ere indar gehiago edukiko dugu», esan du zinegotziak.
Ekitaldien artean, azaroaren 25ekoari arreta berezia jarri diote, «lorpena izan da denak bateratzea». Zubimuzu plazan 18:00etan hasiko da ekitaldia, herriko ikastetxe guztietako LHko 5. eta 6. mailako ikasleen saioekin. Ondoren, Asmubekoek, bertso, olerki eta kantu sorta eskainiko dute. Azkenik, Kontzientzia Morea taldeak, Women In Black ekimena egingo du, Bideluze plazan. Musika Eskolako Julen Lopezek jarriko dio musika ekitaldiari.
Egitaraua
Ostiralean. Udalak antolatuta, Indarkeria matxista eta sexualitatea hitzaldia (gazteleraz), Inmaculada Amiebaren eskutik. 17:30ean, Igartzako jauregian. Ondoren, Helduen irakurle taldeak Aitziber Etxeberriaren Tango urdina liburuaz solasaldia egingo dute (euskaraz).
Hilak 23, asteazkena. Oriako Lamiak taldeak antolatuta, kafe tertulia: Berdintasuna, jaio ala egin?. 18:00etan, Loinazko San Martin plaza azpian. Ezustekoak ere egongo direla iragarri dute.
Hilak 25, ostirala. Aldarrikapen ekitaldia, 18:00etan, Zubimuzu plazan (euria egiten badu Loinazko San Martin plaza azpian), eskolaumeen eta Asmuberen eskutik. Ekitaldia Bideluze plazan bukatuko da, Kontzientzia Moreak taldeak antolatutako Goierriko Women in black ekitaldiarekin.