Lazkaon merkatariak hasi dira Eguberrietarako ekimenak prestatzen
Lazkaon elkarteko merkatariak eta udala hasi dira Gabonetako kanpaina prestatzen. Lankidetza akordioa sinatu zuten atzo. Herriko merkataritzan eta ostalaritzan Eguberri garaiak «garrantzia ukaezina» duela eta, hainbat ekimen burutuko dira: kaleak argiztatu eta apaindu, izotz pista muntatu, zinema emanaldiak eta erakusleiho lehiaketa.
Udalak herritarrei Gabonetako erosketak herrian bertan egiteko dei egin die: «Lazkaoko ekonomiarako eta sektorean lanpostuak mantentzeko eta gehiago sortzeko garrantzia dauka horrek. Kanpotik datozenak ere ongi etorriak izango dira, Lazkaok asko baitu eskaintzeko».
Erakusleiho lehiaketa
Gagon egitarauaren barruan, erakusleiho lehiaketa abiarazi dute Lazkaonek eta udalak. Komertzioentzat izena emateko epea irekita dago jada. Parte hartzera animatu dituzte.
Erosleentzat eta herritarrentzat, berriz, erakusleiho onena aukeratzeko bozketa antolatu dute. Partaide guztien artean 400 euroko erosketa-bonu bat eta 150 euroko lau bonu zotz egingo dituzte. Lehiaketan parte hartzen duten komertzioetan gastatu ahalko dute, gero.