Zerain, herri txikien topagunea
Euskal Herriko zazpi herrialdeetako herri txikien topagune izango da Zerain bihar hasi eta larunbatera arte. Zerainlabek eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako Etorkizuneko Herri Txikien Kongresuan herri txikien etorkizunaz hausnarketa egingo dute. Bihar, 18:30ean, elizan, herri agintarien mahai ingurua izango da, Komunitate bizitza, kultura eta landa garapena etziko herri txikietan gaia hartuta.
Ostiralean, 09:00etan hasita, komunitate bizitza XXI. mendean: sustraiak, eta etorkizuneko erronkak eta landa garapenaren erronkak aztertuko dituzte. Europako eta Euskal Herriko 15 herri txikien esperientziak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango da. Larunbatean, etorkizuna irudikatuko dute taldeetan banatuta. Herri bazkariarekin amaituko dute kongresua. Bazkalondoren, Iñaki Murua eta Sustrai Colina bertsolarien saioa izango da. 17:00etan, hainbat herri txikiren arteko herri kirol desafioa, eta 18:00etan, Dantzaldi taldearekin erromeria.