Barandiaran omendu dute Ataungo haurrek
Joxe Migel Barandiaran herkidea nor zen, zer egin zuen eta nolako ondarea utzi duen gehiago ikasi dute, aste honetan, Ataungo Barandiaran herri eskolako haurrek. Jakintsuari omenaldia egin diote, astelehenetik taldeka Barandiaran Museora joan, eta han mezuak utzita. Gaur igaro dira azkeneko bi taldeak. Barandiaran mutikoari umetan amak esandako parabola hartu dute oinarri antropologoa gogoratzeko: exe aurreko sagarrondoari begira, zenbat eta beteagoa, orduan eta apalagoa; umiltasunaren mezua.
Museoaren barruan jarritako zuhaitzera joan, eta sagar formarekin aurrez eginda ekarri dituzten mezu-kartulinak zintzilikatu dituzte, adarretan. Imanol Urbieta hil berriak Barandiarani eskaini zion abestia kantatu dute. Museoak prestatutako galdera sorta baten jokoan ere aritu dira.
Aste honetan haurrak izan dira izarrak. Urtearen bukaerara arte, helduek ere izango dute aukera. Asteburuetan bisita daiteke Barandiaran Museoa.