XIX. mendeko Eleganteen IV. Bilkura girotze asmoz, gastrokultura oinarri izan duen saio bat egin dute aurten.
Dagoeneko urte batzu-batzutako ibilia badu ere –40 urte pasako historia– Ormaiztegiko Elegante Egunari bestelako kutsu bat eman behar zitzaiola erabaki zuen Zumalakarregi Museoak 2012. urtean. Elegante hitzaren adiera berritu, eta XIX. mendera itzultzeko proposamena egin zien herritarrei. Biharko egunez, XIX. mendeko Eleganteen IV. Bilkura ospatuko dute Ormaiztegin, San Andres jaien atariko modura.
2013ko lehen ekinaldian XIX. mendeko burgesek soinean eraman ohi zituzten jantziak aurkeztu zituzten. 2014an photocall bat antolatu zuten, eta pintxo eleganteen lehiaketa ere jarri zuten abian. Iazko berrikuntza nagusia, berriz, eleganteen dantzaldia izan zen.
Ildo berari jarraituko dio aurten ere eleganteen festak. Garaiko jokoak egingo dituzte, herriko denda, taberna eta zenbait txoko XIX. mendeko dekoratuekin atonduko dituzte, eta auto klasikoak ikusteko eta kalesan paseoak emateko aukera ere izango da. Lau tabernak parte hartuko dute aurten eguerdian hasiko den Pintxo Eleganteen III. Lehiaketan, odolkia osagai nagusi dela. Paseo Elegantea egingo dute 12:30ean dekoratutako eskaparateak bisitatuz, eta bazkaria 14:30ean eliz ondoko karpan. Arratsaldean bingoa, tailerra eta txokolate jatea dute.
Sukaldean juntadizoa
Aurtengo Eleganteen Eguna girotzeko, jardunaldi gastrokultural bat egin zuten azaroaren 12an Bardularriarrak elkartean. Kuko jatetxeko Iker Markinez gidari zela, orain bi mendeko ohiko hiru jaki prestatu zituzten: zurrukutuna, olio gisatua eta Ezkurdiako fondako errezeta liburutik berreskuratutako kremazko bonbak. Saioak harrera bikaina izan zuen.