'Zeraingo Adierazpena' aurkeztu dute herri txikien kongresuan
Etorkizuneko herri txikiak goiburupean ostegunetik gaur arte egin duten nazioarteko kongresuan Zeraingo Adierazpena adostu dute. Eusko Ikaskuntzak eta ZerainLabek antolatutako biltzar horretan, herri txikiak beharrezkoak direla eta etorkizuna badutela ondorioztatu dute.
Kongresu honetan landa eremuko herri txikien garapenaz, ezaugarri bereziez eta etorkizunaz hausnartu dute, eta herri txikien komunitate harremanak, ingurunearekiko harreman jasangarriak eta ekonomia garapenerako eredu berritzaileak ere aztertu dituzte.
Datozen asteetan plazaratuko dituzte biltzar honetatik ateratako ondorio nagusiak.
Hona hemen, hitzez hitz, Zeraingo Adierazpena:
Zeraingo Adierazpena Etorkizuneko herri txikiak izenburupean Zerainen 2016ko azaroaren 17tik 19ra bitartean egin den nazioarteko kongresuaren amaieran, antolatzaile eta sustatzaileok, publikoki honakoa adierazi nahi dugu: Herri txikiak beharrezkoak dira eta etorkizuna dute Euskal Herrian. Herri txikietako jendeak etorkizuna gure esku dugu eta gure esku hartu nahi dugu. Gure geroaren protagonista izan nahi dugu eta izan behar dugu, gure etorkizunean sinesten dugulako. Tokian-tokian, leku bakoitzean, guk erantzun nahi diegu gure esku dauden beharrizanei. Herri txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Guk ere bizi eta ongi bizi nahi dugulako. Sinesten dugu herri-bizitza duten herrietan; lanbidea, ogibidea izateko aukerak sortzen dituztenetan; naturarekin errespetuan bizi diren herrietan; eta hori guztia bultzatzen duten komunitate kohesionatuetan. Ez dugu lo-leku idilikorik nahi. Ez dugu postaletako argazki hutsik nahi. Ez dugu arimarik eta bihotzik gabeko herririk nahi. Pertsonen bizi-leku biziak nahi ditugu. Landa-inguruneko herriak gara. Landa ingurunean mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak etorkizunerako oinarri ditugu. Ezin dugu herri txikien etorkizunik eduki lehen sektorerik gabe, gure baserri, abeltzain, artzain, nekazari eta laboraririk gabe. Herri txikien etorkizuna nahitaez laborarien etorkizunari lotuta dago, eta beraz, lehen sektorea sustatu behar dugu. Landa eremuko herri txikiak gure kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri txikietan ditugu, eta horregatik gure hizkuntzaren etorkizunerako ere beharrezkoa dugu herri txikien garapena. Herri txikiei buruzko topikoak eta iruditegi faltsuak hautsi nahi ditugu. Hiriarekin dugun harremana birpentsatu beharra daukagu. Ekar gehiago ezagutu beharra dugu, elkarri zer eskaintzen diogun ezagutu eta baloratu. Lurralde eta gizarte bereko kideak gara eta elkarren beharra daukagu, baina harreman orekatua behar dugu. Gure herriaren etorkizun hoberako, kultura urbanoaren eta landa eremuko kulturaren arteko elkarbizitza orekatua behar ditugu. Herri txikiok elkarrekin lan egin behar dugu, txikiak gara eta asko dugu elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin partekatzeko. Kontzientzia kolektiboa hartu, landu eta indartu behar dugu herri txikien etorkizuna hobetzeko eta gizarteko gainontzeko kide, eragile, talde eta erakundeekin erlazionatzeko. Etengabe eta oso azkar aldatzen doan mundu eta gizarte globalizatuan, herri txikiok ere etengabe gure burua egokitu beharra dugu. Etorkizun ona izan dezagun etengabeko berrikuntza eta ikerketa bultzatu nahi ditugu, landa eremuko komunitateek beharrezko ditugun arlo guztietan: gobernantza sistema berrietan, kulturaren garatzean, ekonomia berrietako aukeretan, ekologian eta abarretan. Herri txikiok bizirik gaude. Herri txikiok esna gaude. Herri txikiok elkarrekin lanean ari gara etorkizuna lantzen. Lehen bezala orain, eta orain bezala gero, herri txikietako jendeak ere, ondo bizi nahi dugulako.Zerainen, 2016ko azaroaren 19an.