Parekatua izan zen Añorga eta Goierri Gorri taldeen arteko partida. // Argazkia: Javi Urola
Bigarren astez jarraian puntu bat lortu du jardunaldi honetan Euskal Ligako taldeak. Oraingoan etxetik kanpo, Añorgako berdegunean banako berdinketarekin amaitu zen partida.
Sailkapenean ihes ez egiteko garrantzitsua zen etxekoak hiru puntuekin ez egitea eta horren jakitun zelairatu ziren gorriak. Lehen minutuetan partidan sartuta zeuden Goierri Gorrikoak, zelaiaren neurrietara egokitzen. Jokalari gutxirekin joan zen ordea Koldo Zaldua partidara, eta hasi eta berehala albiste txarra. Ane Leizeagak berdegunea utzi behar izan zuen min hartuta. Aldaketa bakarra zuen horren ondoren aulkian baina ez zien eragin honek. Markagailuan aurrea hartzea ere lortu zuten goierritarrek, Ane Lopezen hanketatik etorri zen gola.
Atsedenera markagailuan aurrea hartuta joan ziren, baina bueltan berdinketako gola egin zuen Añorgak. Saiatu ziren Goierri Gorrikoak berriro aurrea hartzen markagailuan, baina indarra falta zitzaien azkenerako eta aukerak gutxitzen joan ziren. Banako markagailuarekin amaitu zen ondorioz norgehiagoka.
Puntuak hirunaka biltzen hastea da hurrengo pausua gorantz joan nahi izanez gero. Bederatzigarren dira eta aurrera egiteko aukera Igartzan izango dute larunbat arratsaldean.
Jubenilen garaipena
Hiru puntuetara itzuli direnak jubenilak dira. Beasainen jokaturiko partida parekatua hasi bazen ere, 20garren minuturako aurrea hartu zuten etxekoek Leire Azurmendiren jaurtiketa baten ondorioz. Berehala egin zuen Liernik bigarrena, baina Oiartzungo jokalariak tematzen jarraitu zuten eta berehala berdindu zuten markagailua bi gol erreskadan eginez. Ez ziren gutxiago izan gorriak, eta atsedenera joan aurretik 3-2koa egin zuen Maitanek korner bat errematatuz. Bigarren zatian sendo arraitu zuten Goierri Gorriko jokalariek eta beste bi gol egin zituzten baina bat beren atean; 4-3. Markagailuan nagusi eta aldea areagotu nahi zutenez, Amaiak amaierako 5-3koa egin zuen.
Kadeteen Ohorezko mailan, Hernaniren aurka bina berdindu zuten goierritarrek. Aurrea hartzea lortu zuten Sahatsaren gol bati esker, baina berehala epaileak penaltia adierazi zuen etxekoen alde;1-1. Honek eragina izan zuen taldean eta bigarrena ere egin zuten etxekoek. Bigarren zatian hobe zelairatu ziren eta azken minutuetan lortu zuten berdinketaren gola, berriro ere Sahatsaren hanketatik. Lehenengo mailako kadeteak berriz porrota Zestoan. Partida oso parekatua izan zen hasieratik bukaerara, edozeinek irabazi zezakeen. Lehen zatiaren bukaeran sartu zuten zestoarrek gola. Berdintzeko ahaleginak egin zituzten bigarren zatian baina edukitako aukerak ez zituzten aprobetxatu eta 1-0ekoarekin amaitu zen partida.
Gol ugari izan dira infantilen mailan. Garaipena Goierri Gorri “A” taldeak lortu zuen Urnietan, 2-4 gailenduz. Goierri Gorri “B”-k berriz Tolosako “B” taldea jaso zuen eta lehen hamar minutuetan eutsi bazieten ere, ezin izan zuten partida guztia kontrolatu; 3-8. Azkenik, Goierri Gorri “C”-k ere tolosarrak izan zituzten aurkari, hauek 0-8 galduz.
TALDE GUZTIEN EMAITZAK:
· Euskal liga: Añorga 1 – 1 Goierri Gorri
· Jubenilak: Goierri Gorri 5 – 3 Oiartzun
· Kadetea (O.m.) Hernani 2 – 2 Goierri Gorri
· Kadetea (1.m.) Zestoa 1 – 0 Goierri Gorri
· Infantilak: Urnieta 2 – 4 Goierri Gorri ‘A’
· Infantilak: Goierri Gorri ‘B’ 3 – 8 Tolosa ‘B’
· Infantilak: Goierri Gorri ‘C’ 0 – 8 Tolosa ‘A’
· Alebinak: Aizkorri ‘B’ 2 – 2 Goierri Gorri ‘A’