Legazpiko Udaleko euskara zerbitzuak antolatuta, euskarazko joko nahiz jolasen erakusketa egin dute. Erakusketaz gain, haurrak zein gurasoak jolastera gonbidatu dituzte Gazte Txokoko jardueran.
Hiru txoko jarri zituzten adinka banatuta. Jostailu eta joko erakusketa zehatzak txoko bakoitzean eta guztiak euskaraz jolasteko jokoak ziren. Gabonen atarian euskaraz zertara jolastu daitekeen erakutsi zuten atzo Legazpin.
Lehenengo txokoan 3 eta 5 urte bitarteko haurren jostailuak, bigarrenean 6 eta 8 urte bitartekoenak eta hirugarrenean 9 urtetik gorakoen txokoa. Erakusketa eta tailerra hartu zituen txoko bakoitzak eta haurrak azkar asko hasi ziren jolasean.
Txoko bakoitzean begirale bat zegoen jokoak erakusteko. Joko motei buruz galdetuta, begira-leetako batek denak kooperatiboak zirela azaldu zuen, «taldean eta euskaraz jolasteko jokoak dira».
Inma Urtzelai Legazpiko euskara teknikariak azaldu zuenez, «Durangoko azoka ate-joka dugu eta Olentzero etortzear dago. Guk euskarazko jokoak zein jolasak aurkeztu nahi ditugu, gurasoek eta haurrek merkatuak eskaintzen duenaren berri izan dezaten». Datorren astean eskoletan banatuko dute euskarazko jokoen eta jostailuen gida; ez bakarrik Legazpiko ikaste-txeetan, Euskal Herriko eskola guztietan baizik.
Atzo haur txikienak gurasoen eskutik joan ziren. Ume koskorragoak bakarrik iritsi ziren Gazte Txokora, eta han izan ziren kuboen misterioak elkarrekin euskaraz askatzen.