Gurutz Linazasorok alzheimerrari aurre egiteko aholkuak emango ditu
Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak burmuina sasoian edukitzeko eta hala alzheimerraren mehatxua urrun mantentzeko aholkuak emango ditu bihar (asteazkena) Zelai Arizti aretoan. Hitzaldia 19:00etan hasiko da. Ekitaldi hau Zumarragako Udalak antolatu
Gurutz Linazasoro neurologo zumarragarrak burmuina sasoian edukitzeko eta hala alzheimerraren mehatxua urrun mantentzeko aholkuak emango ditu bihar (asteazkena) Zelai Arizti aretoan. Hitzaldia 19:00etan hasiko da.
Ekitaldi hau Zumarragako Udalak antolatu du. Linazasoro neurologo entzutetsuak hitzaldi hau Gipuzkoako herri ezberdinetan eman behar du, hurrengo saioa Donostian izango da, eta bira bere jaioterrian hasi nahi zuen.
Linazasorok herritar guztiak ekitaldira joatera gonbidatu ditu. «Zabaldu nahi dudan mezua honakoa da: gauza asko egin ditzakegu modu pozgarrian zahartzeko eta gaixotzeko arrisku txikiagoa izateko. Ariketa fisikoa, psikikoa eta soziala eta elikadura oso garrantzitsuak dira. Egunero kirol pixka bat egitea, etengabe gauza berriak ikastea, dieta mediterraneoa jarraitzea, jendearekin hartu-emana izatea, estresa ekiditea eta ondo lo egitea funtsezkoa da».
Guztiok ariketa fisiko apur bat gehiago egingo bagenu (%25 gehiago), milioi bat pertsona gutxiagok edukiko lukete alzheimerra. «Horri beste gauza batzuk gehitzen badizkiogu, hobekuntza handiak egin ditzakegu».
Zumarragarrari ilusio handia egiten dio bere herrira etortzeak. «Zumarragara joatea beti da berezia. Gainera, oraingo honetan lagunek ere hitzaldira joateko asmoa dute. Kontu hauetan emakumezkoak gizonezkoak baino askoz ere arduratsuagoak dira», amaitu du.