Hondakinen kudeaketaz eta alternatibez ariko dira gaur Itsasondon
Goierri Birzirik herri plataformak, GuraSos-ekin batera hitzaldia emango dute gaur, Itsasondoko jubilatuen egoitzan, 18:30ean. GuraSos-eko abokatua den Joseba Belaustegi izango da hizlaria eta zaborren arazoari buruz duen ikuspegia azalduko du. Horretaz gain, zaborraren arazoaren aurrean egon daitezkeen irtenbideez ere arituko da.
Hitzaldiaz gain, Goierri Birzirik-eko kideek plataformaren aurkezpena egingo dute eta orain arte egindakoaren eta aurrerantzean martxan jarriko dituzten ekintzen berri emango dute.
Hitzaldiaren toki berean, Mutiloako zabortegiaren sinadurak biltzeko mahai bat jarriko dute. Orain arte, Mutiloan bertan, Zegaman, Ataunen eta igandean, Gabirian jarri dituzte mahaiak.
Datorren ostiralerako, hilaren 25erako, manifestazioa deitu dute Goierri Birzirik-ekoek Ormaiztegin. Jaien hasierako txupinazoaren ondoren egingo da manifestazioa.
Ormaiztegin ez ezik, Donostian ere egingo du manifestazioa GuraSos-ek hilaren 26an, larunbata. Araba Plazatik (Euskotren ondoko plazatik) emango diote hasiera 17:00etan. Gipuzkoa+: Eman bidea osasuna eta adostasunari lelopean zeharkatuko dituzte Donostiako kaleak.