Herriko txakur jabeekin eta Ezkiaga auzoko bizilagunekin adostasuna lortu du udalak. 125 metro luzerako eremua hesiz itxiko dute. Herrian beste bi eremu berri ere sortu nahi dituzte
Herriko hainbat txakur jaberen eskariari erantzunez, Beasaingo Udalak zakurrentzako lehen aisi eta ariketa gunea egokituko du Ezkiaga auzoan. Era horretan udalak, «duela hilabete batzuk sortu zen eskaerari erantzuna eman dio, zakur jabeen eskaerak eta bizilagunen iritziak entzun eta bi aldeen arteko adostasuna lortu ondoren Ezkiaga auzoan bizilagunen eta zakurren jabeekin akordioa lortu da».
Irailetik hona hainbat bilera egin ditu udalak Ezkiagako bizilagunekin eta zakurren jabeekin zakurrak aske uzteko tokirik aproposena bilatzeko eta adosteko. «Azkenean, guztiek bat egin dute proposamenarekin eta Ezkiaga auzoko Oriako pasealekuan dagoen parkeko zelaian ezarriko da zakurrentzako aisi gune berria».
Udalak aurreratu duenez, eremu berriak 125 metroko luzera izango du eta 1,20 metroko altuera duen hesi metalikoarekin itxiko dute. Bi zakarrontzi berri jarriko dituzte gorotzentzako. Bestetik, «zakurrentzako aisi det ariketa gune hau erabiltzeko arauak adieraziko dituen kartela ere jarriko da». Zakurren aisi gune berriak 6.000 euroko aurrekontua izango du.
Beste bi sortzeko asmoa
Udalak jakinarazi duenez, « Ezkiagan burutuko da berezitasun horiek biltzen dituen mota honetako lehen esperientzia, baina honen ondotik, herrian beste bi eremu berri sortzea da asmoa».