Bueltan da nesken errugbia Ordizian
OREko nesken talde berriak lagun arteko partidua jokatuko du larunbatean Bera-Beraren aurka, Altamiran, 13:30tan . Zaleei dei egiten zaie neskei animatzera joateko. Taldearen helburua pixkanaka-pixkanaka betetzen ari da. Momentuz 15 kide ditu fitxarekin eta aste honetan interesatu gehiago inguratu dira. Bakarra da lehendik jokatzen aritutakoa.
Talde berria izan arren, giro ezin hobea sortu da, lagun artea paregabea da. Entrenamenduak, Agustin Ortiz ‘Kutxu’ Ampo Ordiziako lehen taldeko jokalariak zuzentzen du eta duela bi hilabete hasi ziren entrenatzen. Kutxu “oso gustura” dago orain arte egin duten eboluzioarekin. Astean behin entrenatuz hasi ziren, baina egun, neskek eskatuta, astean bitan elkartzen dira, asteazkenetan 18:00etan eta ostiraletan 18:30tan.
Aste honetako partiduaren helburua landu dena praktikan jarri eta elkarrekin dibertitzea da. Talde irekia da, beraz, interesa duten emakume guztiei dei egiten zaie proba egin dezaten. Adin mugarik ez dago eta esperientzia ez da kontutan hartzen.