Auzolanak bizirik dirau
Anje Duhalderen kontzertua, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia antolatu dituzte Goierriko ikastolek Urruña eta Ziburukoei laguntzeko.
Dagoeneko hogei urte badira Goierri beheko ...
Anje Duhalderen kontzertua, eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia antolatu dituzte Goierriko ikastolek Urruña eta Ziburukoei laguntzeko.
Dagoeneko hogei urte badira Goierri beheko ikastolak –Ordiziako Jakintza, Lazkaoko San Benito eta Beasaingo Andramendi– eta Ziburu-Urruñakoak elkarlanean hasi zirela euskara eta euskal kultura sustatu, eta Lapurdiko bi ikastetxe horientzat sosak biltzeko. Aurten ere, Hazia elkartea lankide dutela, bi jaialdi antolatu dituzte: igandean, hilak 27, Anje Duhalderen kontzertua Urruñako kiroldegian (16:00), eta abenduaren 17an, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen bi saio Ordiziako Majori kiroldegian, 16:00etan eta 18:30ean.
Goierritik Urruñara joateko zein Urruñatik Goierrira etortzeko autobus zerbitzua doan eskainiko dute antolatzaileek, urtero bezala. Duhalderen kontzerturako sarrerak 12 euro balio du aurrez, eta egunean bertan 15; pailazoen emanaldienak, aldiz, 7 euro. Bi ikuskarietan Goierriko eta Urruñako haurrek abestuko dute.
Hazten ari den proiektua
Urruñako Ikastolak 21 urte bete ditu aurten, eta gaur-gaurkoz 120 haur eta 85 familia biltzen ditu. Aldaketa asko ezagutu ditu urte hauetan guztietan, eta arian-arian, Urruñako eskolen panoraman eta urruñarren izpirituan onartua izatea lortu du.
Ziburuko Piarres Larzabal kolegioak 260 ikasle, eta murgiltze eredua euskaraz egitea aukeratu duten 215 familia hartzen ditu. Hazten ari den proiektu baten erakusle dira biak, eta oso eskertuta daude Goierrik ematen dien babesarekin.