Aldaketa garaia garaipen batekin hasi du Ampo Ordiziak
Urak nahasita egon arren, igeri egiten asmatu du Ampo Ordiziak. Entrenatzailea aldatu berritan, eta Santboiana bezalako talde indartsu baten bisita jasoagatik, irabazi egin dute ordiziarrek, denboraldiko partidarik onenetako bat eginda.
Indarrean atera ziren etxekoak hasieratik, eta 3. minutuan Asier Kortak aurreneko entsegua egin zuen, eta Valentin Cruzek gauzatu. Santboi ere ez zegoen partida galtzen uzteko, eta bi zigor kolperi esker, aurretik jarri ziren markagailuan. Etxekoek ere beste bi kolpe jaurtitzeko aukera izan zuten, eta Cruzek bietan asmatu zuen. Xabier Fajardok bigarren entsegua egin zuen 25. minutuan eta Cruzek gauzatu zuen. Argentinarrak beste zigor kolpe bat ere gauzatu zuen, atsedenaren aurretik. 21-6 aurretik ziren etxekoak, eta aldageletara joateko puntuan zirela, katalanek entsegua eta zigor kolpea sartu zituzten, aldea murriztuz (21-13).
Bigarren zatian ere intentsitate handiarekin atera ziren bi taldeak zelaira. Valentin Cruzek lortutako drop batekin hasi, eta Fernando Lopez eta Julen Goiaren entsegu banarekin jarraitu zuen partidak, etxekoen lan onaren erakusgarri. Hamabi minuturen faltan, 36-13 aurreratu ziren; baina jokoa markagailuak zirudiena baina estuagoa zen. Santboianakoak erasoan gogor saiatu ziren, eta 74. minutuan, katalanek bigarren entsegua lortu zuten; kolpea gauzatuta, 36-20an jarri zuten markagailua.
Asteburuko garaipenari esker, postu bat berreskuratu eta sailkapeneko 7. tokian jarri da berriz ere Ampo, seigarrenarengandik puntu bakarrera. Datorren asteburuan, beste zita garrantzitsu bat izango dute, Pepe Rojo zelaian, El Salvador taldearen aurka.