«Krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian»
Jose Mari Urzelai (Historialaria)
Legazpiren XX. mendeko historia jasotzen duen trilogiari amaiera emateko, Legazpi siglo XX, 1975-2000. El final de un ciclo industrial liburua (Legazpi XX. mendea, 1975-2000. Ziklo industrial baten amaiera) idatzi du Jose Mari Urzelaik. Aurreko bi lanetan, XX. mendeko mugarriak eta 1940-1975 urteak landu zituen. Liburu berriarekin zikloa itxi egin du Urzelaik. Orain, atseden hartzeko unea iritsi zaio; 1960ko hamarkadan herriko berriemaile gisa hasitako ibilbidearen helmugara iritsi da.
Agurra al da?
Liburu honekin betiko utziko diot lan egiteari, eta nire urtebetetze egunean agurtu nahi nuen.
Azken bi liburuekin bezala, kronika luze bat egin duzu oraingoan ere.
Bai, esan daiteke horrela, bai. Liburuan aztertzen den epean idatzi nituen kronikak eta argazkiak izan dira nire informazio iturri nagusia. Den-denak dauzkat gordeta, baita irratikoak ere, eskuz idatziak. Bestalde, industria krisiaren garaian ni Patricio Etxeberria lantegian lanean ari nintzenez, gai hari buruz kaleratu zen informazioarekin dosier handi bat neukan eginda. Artxibora ere jo dut, eta han asko lagundu dit Iñaki Elorzak.
Legazpin hain garrantzitsua izan den industriaren aipamena egin duzu tituluan.
Legazpi XX. mendea titulu orokorra da, eta liburu bakoitzak azpititulu bat dauka. Hirugarrenaren garaiak bat egiten du Patricio Etxeberria lantegiaren zikloaren amaierarekin. 1930eko hamarkadan, bere altzairu propioa egiten hasi zen, altzairu bereziak. 1990eko hamarkadaren amaieran, Patricio desagertu egin zen altzairu berezien fabrikatzaile gisa. 1999an, bestalde, Legazpiko beste lantegi garrantzitsu bat itxi zuten, XIX. mendean lanean hasi zen paper fabrika. Tituluak bi gertakari horiei egiten die aipamena.
Nola dago egituratuta liburua?
Liburuak 660 orrialde ditu, eta zazpi kapitulutan banatuta dago. Politikak leku berezia du, trantsizioa eta demokrazia garaiaren hasiera hartzen dituelako. 1979aren amaieran egin ziren udalerako lehen hauteskunde demokratikoei aipamena egitea ezinbestekoa da: EAJk irabazi zituen, gehiengo absolutuarekin. Jose Ignazio Elorza izan zen lehen alkate demokratikoa. 1986an EAk hartu zuen alkatetza, Prontxio Larrañagarekin. Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra ziren pisuzko beste indarrak orduan. Beste alkate bat ere izan zen mende amaieran, EAko Juan Ramon Larrañaga.
Ekonomia ere landu duzu.
Bai, eta atal honetan Patrizioren lantegia da nagusi. 1985ean, milaka milioi pezetako inbertsioa egin zuen bi pabiloi berri eraikitzeko. Euskal siderurgia krisian zegoen, baina Legazpin baikortasuna arnasten zen. Inbertsioek berehalako eragina izan zuten, baina ez espero zutena, teknologia berria sartu zutelako eta horrek langileen soberakina ekarri zuelako. Langile asko bidali ziren etxera erretiro aurreratua hartuta, baina baldintza onekin. Horri esker, eta altzairu arrunta ekoitzi beharrean altzairu bereziak ekoizteagatik, krisiak ez zuen eragin handirik izan Legazpiko lantegian.
Egoera aldatu egin zen, ordea.
Bai, 1990eko hamarkadan altzairu arrunta nagusitzen hasi zen, eta orduan hasi zen Patricio nozitzen krisia. Berriz ere langileak sobera ziren: 1991-1993 tartean, 700 bidali zituen etxera. Baina diru gehiago behar zuen, eta, bere ondarea saltzeaz gain, Azkoitiko Aforarekin aliatu zen.
Aldaketa asko etorriko ziren.
Orduan Elorza zegoen berriz ere alkate, 1991ko hauteskundeak irabazita, eta egoerari buelta nola eman aztertzen hasita, industria alboratu eta izadiaren eta naturaren aldeko apustua egin behar zela gomendatu zioten. Elorza ez zen ausartu alor berri hori jorratzera, baina herrian, Aurelio Gonzalezek gidatuta, berehala sortu zen ikuspegi horri helduko zion talde bat: Lenbur. Udalak 1995ean sartu zion eskua ekimen berriari, EAko Juan Ramon Larrañaga alkate zela. Europako laguntza handiak lortu zituzten, eta proiektu ugari jarri zituzten martxan.
Baina horrek ez zuen konpondu Legazpiko egoera ekonomikoa.
Lanpostu batzuk sortu zituen, baina ez. Beste talde batek izan zuen eragin handiagoa, Legazkidek. Legazpiren izaera industriala alboratzearekin ez zeuden ados, eta industriak aurrera jarraitu behar zuela esaten zuten. Talde horrek nolabait behartu egin zuen lehen industrialdearen sorrera, udalak bere eskaerekin bat egin eta gero. Ordurako, ordea, Legazpiko hainbat enpresa herritik alde eginda zegoen, lur industrialaren faltagatik.
Lan kontuak ziren nagusi Legazpin mende bukaeran.
Bai, Patricio, paper fabrika, industrialdea… eta gazteen langabezia. Horri aurre egiteko sortu zituzten hainbat proiektu, eskola tailerrak adibidez. Bikuña jauregiaren birmoldaketa, hiltegia, Meazti etxea, Mirandaola parkea… egin zituzten.
Zer gehiago nabarmendu behar da aztertutako garaiaz?
Azpiegitura eta ekipamendu garrantzitsuak egin zirela: osasun zentroa, kiroldegia, Santikutz egoitzaren handitzea, kultur etxea, Meazti etxea, Plazaola ingurua… Horrek guztiak erakusten du udalek asko lan egin zutela. Kirolean une gogoangarriak bizi ziren Ilintxa futbol taldearekin, La Salle eskubaloiarekin, atletismoarekin… Euskarak ere bultzada edarra jaso zuen euskaltegiarekin eta Kilometroak festekin, eta osasunaren mailan Mondragon Plana aipatu behar da, bihotzekoei aurre egiteko plana. Kulturari kapitulu oso bat eskaini diot liburuan, eta kultur etxeari aipamen berezia egin diot, nik bere ardura izan nuenez gertutik ezagutzen dudalako.
Orriz orri, gaiez gai… ia 700 orrialdeko liburua. Zuk zeuk argitaratu duzu?
Bai. Lehenengoa Kutxaren diru laguntza bati esker kaleratu ahal izan nuen, eta, bigarrenerako udalari laguntza eskatu banion ere, ez zidan erantzun, eta familiak oparitu zidan bere argitalpena. Oraingoan, jaso dut udalaren laguntza, baina berriz ere guk argitaratu dugu. Oñatiko Gertu inprimategian egin dugu.