Azeari Andonegi palaria, Xabier Berasategi antolatzailea eta Jose Manuel palaria eta antolatzailea, txapelketa aurkezten // Argazkia: Aimar Maiz
Goi mailako pala ikusi ahalko da Olaberrian datorren astean, beste urtebetez. Herriko taldekoek III. Eliteko Pala Motz Txapelketa antolatu dute, eta mundu mailako erreferente diren pilotariak gonbidatu dituzte. Beste behin, Emiliano Skufca argentinarrak jokatuko du, berriki 22 urtez azpiko Munduko Txapelketa irabazi duen Xabier Ibarguren lazkaotar txapeldunarekin.
Abenduaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko da eliteko txapelketa: final-laurdenak lehen jadunaldian, finalaurrekoak bigarrenean, eta finala azkenekoan. 10:30ean hasiko dira, denetan.
Pala motzean «ikus litezkeen partida onenetakoak» jarriko dituzte Olaberriko udal pilotalekuan. Skufca iaz ere izan zen Olaberrian, eta txapela jantzi zuen, Garikoitz Arrieta olaberritarrarekin orduan. «Gaur egun Skufca da pala motzean munduan erreferentzia. Txapelketan benetako maila egongo da, partidak ikusgarriak izango dira. Abenduko zubirako plan paregabea da, pilotazale guztientzat. Munduko palari onenekin gozatuko du jendeak», dio antolakuntza taldeko Xabier Berasategik.
Skufcaz gain, duela gutxi Reunion Irlan izan diren Mikel Sanz eta Javier Labiano nafarrak ere Olaberrian ariko dira, besteak beste. Goierrik ere ordezkaritza aipagarria izango du. Bost palari ariko dira: Xabier Ibargurenen eta anaia Beñat maila gorenean sartu dira aurten, Jose Manuel Garrido eta Arrieta olaberritarrak, eta Azeari Andonegi lazkaotarra.
III. Eliteko txapelketako partidak
- Final-laurdenak
Abenduak 8, osteguna, 10:30ean, Olaberriko frontoian.
A partida. Mikel Fernandez-Asier Muruzabal (Iruñea) / Mikel Sanz (Iruñea)-Azeari Andonegi (Lazkao).
B partida. Ibai Iradi (Andoain)-Gabi Andueza (Hendaia) / Mikel Lopez (Deba)-Josu Bagazgoitia (Gasteiz).
D partida. Garikoitz Arrieta (Olaberria)-Javier Labiano (Iruñea) / Beñat Ibarguren (Lazkao)-J.Manuel Garrido (Olaberria).
- Finalaurrekoak
Abenduak 9 (10:30).
E partida. A irabazlea / B irabazlea.
F partida. Xabier Ibarguren (Lazkao)-Emiliano Skufca (Argentina) / D irabazlea.
- Finala
Abenduak 10, larunbata. 11:00etan, Olaberriko frontoian. Partida. E irabazlea / F irabazlea.