Abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra bitartean 36 dendek hartuko dute parte. Opari txekeak eta zozketak egingo dituzte .Abenduaren 26an eta 27an Txu Txu trena ibiliko da
Beasaingo Bareak merkatari elkarteak Gabonetako kanpaina abiatuko du abenduarekin batera. Lau ekintza berezi hartuko ditu kanpainak: I. Gabon Erakusleiho lehiaketa, opari txartelen zozketa, Txu Txu trena eta loteen zozketa. Erakusleiho lehiaketa elkarlanean antolatu dute Bareak elkarteak eta Beasaingo Udalak.
Abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra bitartean, erakusleihoak are eta gehiago dotoretzen saiatuko dira herriko 36 denda. Herritarrek beraien iritzia emateko aukera izango dute, erakusleihorik gogokoena aukeratuz. Horretarako, lehiaketan parte hartzen duten dendetan dauden txartelak bete eta txartelak jasotzeko guneetan utzi behar da; dendan bertan, Udaletxeko Igunean edo kiroldegian. Facebook bidez ere botoa emateko aukera izango da, «mezu pribatu bat Bareakeko Facebookera bidalita». Botoa ematen duten guztien artean 200 euroko txeke bat eta ehuna euroko bi txeke zozkatuko dituzte, lehiaketan parte hartuko duten dendetan gastatzeko.
Erakusleiho lehiaketaren sari banaketa ekitaldia abenduaren 26an egingo da, Zubimuzu plazan, 13:15ean.
Opari txartelak
Bestetik, Bareakek, erosketak herrian egitera bultzatzeko, 300 bono salduko dituzte: 40 euro ordaindu eta 50 kontsumitzeko aukera izango da. Bonoak Bareaken bulegoan salduko dira gaurtik aurrera. Era berean, Bareak txartelarekin erosketak ordaintzen dituzten bezeroen artean, 30 lote zozkatuko dituzte Bareakeko dendek eta tabernek.
Txu Txu trena
Gabonetako kanpainaren barruan, aurreko urteetan bezala, aurten ere Txu Txu trena ibiliko da abenduaren 26an eta 27an, goiz eta arratsalde. «Beasaingo kale garrantzitsuenak ezagutzeko aukera emango du, baita herriak daukan eskaintza komertziala ikustatzeko aukera ere». Egunean bertan euro batean salduko dira txartelak, Loinazko San Martin plaza azpian. Sarrerarekin batera, puxikak banatuko dituzte.
Udalarekin elkarlanean
Beasaingo Udalak bat egin du Bareaken kanpainarekin, «udalaren helburuen artean aurkitzen baita herriko dendari eta merkataritzaren alde lan egiteko». Enkarni Arrieta zinegotziak gaineratu duenez, merkataritzak «herria bizirik mantentzeko eta herritarren arteko elkarbizitza eta harremanak indartzeko balio duelako». Era horretan, herritarrak herrian bertan erosketak egin ditzaten animatu nahi ditu Arrietak.