Odolki garaian, txapelketa egin dute udaletxepean, eta plaza barruan odolkia bera nola egiten den erakusten aritu da Mutiloatik etorritako hirukotea.
Urteroko hitzordua fin bete du-te Juanita Murgiondok, Resu Olaetxeak eta Juanita Aranburuk; eskuz odolkia egiten aritu ziren. Grasa edota tipula txikitua etxetik ekarri bazuten ere, prozesua nola den ezagutzera ematen zuten beste behin, sukalde lanetarako propio D’elikatuzek prestatu ohi duen txokoan.
Neguko jaki beroekin segituz, baba txiki zuria aipatu daiteke. Ez da Ordiziako saltzaileen ar-tean hori ekoizten duenik. Hala ere, inork nahi izanez gero Lazkaoko Atienzaren postuan aurki daiteke 2,8 euroan kiloa. «Ez da kilo askorik saltzen, baina erosle jakinak baditu» zioen Patxik. Gazteen artean galtzekotan dela hori jateko ohitura, askok ezagutu ere ez dutela ezagutzen aitortzen zigun. Normalean hilabete pasa aurretik ekarri ohi du eta frantses motakoa; aurten, urte txarra izan dela eta, Nafarroakoa du eta ohikoa baina gutxiago eta beranduago.
Hemengo fruituei dagokionez, sagarren sasoi bete-betean gaude, bukatu dira pikuak eta geroz eta mizpira eta kiwi gehiago jateko puntuan. Barazkietan, negukoak nagusi eta bukatzear udakoak, nahiz eta oraindik piper eta tomate batzuk ikusten diren.
Bestalde, bukatutzat eman daiteke onddo garaia, nahiz eta zerbait izan daitekeen oraindik. Atzo esnegorri, saltsa perretxiku beltz eta tripaki kilo gutxi batzuk osatu zuten eskaintza, uso eta eperren ondoan salgai zirenak.
Eta joan den astean Gabonetako gozoen berri eman bagenuen, atzo eskaratza edota erratza (Ruscus aculeatus) ekarri zuten. Gaur egun gabon edergailu gisa erabili ohi bada ere, izena izanetik hartua du eta erratz gisa erabili ohi zen, bereziki tximiniak garbitzeko. Eta laster hasiko dira Ponsetia edo Pazko lorea delakoa ekartzen.
Orein adarrak salgai
Bitxikerientzako tokia ere izan zen atzoko azokan, eta hori oreinen adarrek osatu zuten. Bilbotik etorri ziren Manuela Lopez eta Itziar Villamil orein adarrakin. «Mendiko zaletasuna betitik dugu, baina lagun batzuei entzun eta hasi gara gu ere jasotzen» azaldu zuten biek. Urtero orein harrek udaberrian galtzen dituzte adarrak, eta mendian jaso eta gero, horiekin egin ohi dituzte eskultura lanak, lanparak eta abar. Afizioz egiten dute eta atzo Ordiziara etortzeko baimena galdetua zuten feria ezagutzeko aitzakian.