EHNE eta ENBA sindikatuek bat egin dute Aralarko pisten aldeko mozioarekin
EHNE eta ENBA nekazal sindikatuen ustez “ezinbestekoa” da Aralarko artzainei “gutxieneko azpiegiturak eta baldiabideak” eskaintzea. Hori dela eta, bat egin dute bihar Gipuzkoako Batzar Nagusietan landuko den mozioarekin. Nekazal sektoreak sustatu eta EAJk, PSE-EEk eta PPk aurkeztu duten testuak “Aralarko artzain eta abeltzainen duintasuna” aldarrikatzen duela uste dute bi sindikatuek, eta dei berezia egin diete EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiei testuarekin bat egin dezaten.
EHNE eta ENBA sindikatuak “zeharo kezkatuta” agertu dira azken hilabeteotan Aralarko azpiegiturak direla eta bizi izan duten egoerarekin. “Gipuzkoako gizarteak ezin du onartu, gizartea bere osotasunean aurrera egiteko elkarlanean dihardugun bitartean, gure lurraldean behin eta berriro estrategikotzat jotzen ditugun artzain eta abeltzainak XIX. mendean bezala bizitzea”.
Bi sindikatuen ustez, “etorkizunean ere artzain eta abletzainak gure mendietan izan nahi baditugu, ezinbestekoa da gutxieneko azpiegiturak eta baliabideak” eskaintzea. Izan ere, “azpiegiturarik gabe ez dago duintasunik” abeltzainentzat eta “etorkizunik ere ez” legokela uste dute. Hori guztia dela eta, “alderdi politiko guztien babesa” eskatu dute EHNEk eta ENBAk.