
Itsasondoko Jaso enpresako langileek manifestazioa egingo dute bihar,
Jaso Itsasondo, hitzarmen duin baten alde lemapean. Langileek 12 egun daramatzate greba mugagabe partzialean, eta salatu dutenez, momentuz ez da kontakturik egon zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen artean. “Langileok argi dugu, eman beharreko urratsak eman ditugula, zuzendaritzari akordio batera iristeko irtenbide ezberdinak eman dizkiogu eta orain zuzendaritzari tokatzen zaio egoera honi soluzioa ematea”. Manifestazioa 10:45ean abiatuko da Ordiziako San Joan auzotik, eta Ordiziako plazan bukatuko da, azokarekin bat eginez.
Langileek “bat eginda eta oso indartsu” daudela azaldu dute, eta akordio batera iritsi arte, asteazkenero manifestazioak egingo dituztela. “JASO Itsasondoko zuzendaritzak jakin beharko luke, egoera hau luzatzeak, min handia egin behar diola gure enpresari, barne gatazkek debilitatu besterik ez gaituztela egin behar eta ondorioz, arduraz jokatzeko esaten diogu eta historikoki zuzendaritzak erakutsi duen seriotasuna kasu honetan ere erakusteko”. Horrez gain, zuzendaritzari “ofizinako eta tailerreko langileen artean dagoen diskriminazioarekin amai dezala” eskatu diote.