«Ferietako salerosketa galtzera doa: sariketagatik etortzen gara»
AITZOL MENDIZABAL - ABELTZAIN IDIAZABALDARRA
Aitzol Mendizabalek (Idiazabal, 1979) umetatik ezagutzen du Santa Lutzi feria, abeltzain familiakoa baita. Feria maitea du eta udalei ganadu sariketak zaintzeko eskatu die.
Zu al zara ganadutegiko arduraduna?
Bai. Nik egiten ditut bertako lanak, gurasoen eta osabaren laguntzarekin. Lehen, osaba (Enrike) zen arduraduna eta aita (Joxe Mari) laguntzailea.
Urte asko daramatzazue, beraz, ganaduarekin.
Aitona ere ganaduarekin ibiltzen zen. Behiak, ardiak, behorrak… Azkenaldian behorrekin bakarrik ibiltzen gara, baina denetik egon izan da gure baserrian (Ojarbi).
Asko aldatu al da zuen mundua azken urteetan?
Mundu hau goitik behera ari da aldatzen. Ferietako salerosketa galtzera doa, batez ere ziurtagiri asko eskatzen dizkigutelako. Gu sariketagatik etortzen gara Zumarragara. Horrek eusten ditu Euskal Herriko feria guztiak eta udalei sariketak zaintzeko eskatu nahi diet. Izan ere, geroz eta betebehar zorrotzagoak ditugu. Paperak betetzea kosta egiten da eta animaliak garraiatzea oso garestia da. Gainera, abereek bidean min har dezakete. Hori dela eta, salerosketa handienak etxetik egiten ditugu. Hori da errazena.
Nori saltzen dizkiezue zuen behorrak?
Gure behorren haragia Italiara joaten da. Gipuzkoan zaldi haragia saltzen duen harategi bakarra dago: Oñatin.
Eusko Jaurlaritzak eta gainontzeko instituzioek behor haragiaren kontsumoa bultzatu beharko luke, beharbada?
Behor haragia oso goxoa da, baina hemen ez dugu jateko ohiturarik. Garai batean asko jaten zen, baina bizimodua aldatu egin da eta jendeari behorra polita iruditzen zaio. Ez zaio iruditzen jateko modukoa. Baina irteera bakarra haragitarako du. Euskal Herriko instituzioek behor haragiaren kontsumoa bultzatzea oso ona izango litzateke. Medikuek oso haragi ona dela diote: burdina eta proteinak ditu. Gu Gimebel elkartean gaude (Gipuzkoako Mendiko Behorren Elkartea) eta urtero moxal bat erretzen dugu promozioa egiteko. Iaz Idiazabalen egin genuen eta jendeari asko gustatu zitzaion.
Zure lanbidea gustuko duzu, noski.
Bai, baina fabrikan ere lan egiten dut. Hemendik bizitzerik ez dago. Dedikazio handia eskatzen duen zaletasun bat da. Lursailak garbi mantentzeko eta familiaren tradizioari eusteko jarraitzen dut.
Santa Lutzi feria gustatzen al zaizu?
Betiko feria da. Goierri behealdetik jende asko etortzen da. Askok jai hartzen dute. Feria hau preziatuena da. Gure osaba oinez etortzen zen ganaduarekin. Egun hau denoi gustatzen zaigu. Festa berezia da: jendearekin hitz egiteko, gure lana kaletarrei erakusteko… balio du. Denetarako.













