Eguberrietarako ekitaldi sorta prestatu dute Lazkaon
Lazkaon Eguberrien aurretik urtero egin ohi diren ekitaldi asko asteburu honetan bilduko dituzte. Abesbatzen emanaldiak, adibidez. Kantakak larunbatean (abenduak 17) Familien Eguna ospatuko du; 17:00etan ekitaldia egingo dute, eta 18:30ean afari berezia. Eguberri kontzertua hilaren 23an egingo du, San Prudentzio ermitan (19:30).
Igandean, berriz, Lazkao abesbatzak eta Easo kapera gregoriarrak abestuko dute, Beneditarren mezan, 11:00etan. Lazkao Txiki musika eskolako haurrek asteartean egingo dute Eguberri kontzertua, Arerian, 18:30ean.
Rwanda Taldearen eta ikastolaren Elkartasun Astea gaur hasiko da, kultur etxeko erakusketa-aretoan Biziekin errefuxiatuekin erakusketa irekita (18:00) eta bidezko merkataritza azokatxoa jarrita. Abenduaren 23ra arte izango da aste hori; ikastolakoen Elkartasun Jaialdia bihar da, 17:30ean, Arerian.
Bihar hasiko den beste hitzordu bat 28. Euskal Liburu eta Disko Azoka da. Plazako pilotalekuan erosi ahalko dira ekoizpenak. Ostiralean (16:30-20:00), larunbatean (10:00-20:00) eta igandean (10:00-14:00) egongo da zabalik. Ikastolaren bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia ere egongo da.
Euskaraz Bizi Nahi Dut korrikaldia larunbatean (abenduak 17) egingo dute, 12:30ean, plazan.
Datorren astean, Ruandako Gihararekiko Elkartasun Asteak jarraituko du.
Eguberrietan izotz pista
Gabonetako asteetan ere zer ikusia eta egina izango da Lazkaon. Abenduaren 27an, 28an, 29an eta 30ean izotz pista sintetikoa jarriko dute plazako pilotalekuan, goiz eta arratsalde. Kaleko giroa berotzeko, abenduaren 30ean Jundajo txaranga ibiliko da kalejiran. Urtezahar egunean, berriz, V. San Silbestre krosa jokatuko da. 13:00etan hasiko da helduen (14 urtetik gorakoak) korrika saioa; haurrena, 11:30ean.
Gabon arratsalderako (abenduak 24), Olentzeroren eta Maridomingiren etorrera izango da. 17:30ean abiatuko da desfilea San Prudentzio auzotik, eta 19:00etan iritsiko dira plazara. Eguberri eguerdian (abenduak 25), berriz, jaiotza biziduna egingo dute Lazkao Txiki Zelaian, 13:00etan.
Eguberrietan merkataritzako erakusleihoak ere bereziki apainduta egongo dira. Lehiaketan botoa emateko aukera abenduaren 23ra arte dago. Sariak abenduaren 27an banatuko dituzte, udaletxean.
Gabon garaia urtarrilaren 8an bukatuko da, Astotxo Egunarekin. Ohiko asto lehiaketak eta Egiptorako ihesa kale antzezpena izango dira. Errege bezperan, urtarrilaren 5ean, zamalkada ere izango da.