Mobilizazioak hasi zituzten azaroaren 29an eta lantegiaren kanpoko aldean biltzen dira egunero. Zuzendaritzarekin akordiorik lortu ezean, greba orokor mugagabe» deituko dute

Legorretan kokatuta dagoen MMI (lehen Prodema zena) enpresako langileak mobilizazioekin jarraitzen dute. Langileek adierazitakoaren arabera, «hitzarmen duin bat izan arte» greba mugagabe partzialarekin jarraituko dute. Azaroaren 29an hasi zituzten langileek lanuzteak eta dirudienez, oraindik ez dute akordiorik lortu. Errelebo bakoitzean, bi orduko lanuztea egiten ari dira eta lantegiaren sarreran biltzen dira egunero.
Baldintza sozial, laboral eta ekonomikoak hobetuko dituen hitzarmena nahi dute Legorretako MMIko langileek, eta enpresak bere aldetik eta bere kabuz hitzarmena alboratzeko aukerarik ez izatea. Bestetik, enpresa hitzarmen berriaren iraupena, hurrengoa sinatu bitartekoa izatea ere eskatu dute.
Azken urteetako egoera
Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, «2008tik aurrera beste hainbat enpresek bezala, Prodemak ere, krisiaren eragin negatiboa nabaritu du». Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik, «produkzioak nabarmen egin du behera, eskaerek ere hala egin dutelako».
«Erregulazio espediente ugariko bederatzi urte izan» direla salatu du langileriak eta bidean zazpi langile kaleratu dituztela; langile bakoitzak «250 bat langabezia egun galdu» dituela gehitu dute.
Azkeneko zazpi urteetan langileen soldatek izandako igoerari dagokionez, «hainbat mobilizazioren ondoren, enpresako zuzendaritzarekin akordio batera iritsi eta 2013an eta 2014an %0,75eko igoera hitzartu» zela, argitu du enpresa batzordeak.
2015eko abenduaren 21ean, orain dela ia urtebete, enpresa batzordeak, hitzarmena berrikusteko, asanbladan onartutako plataforma aurkeztu zion enpresako zuzendaritzari. Enpresa batzordeak, zuzendaritzarekin egindako bileretan hainbat akordio lortu arren, langileentzat «oso garrantzitsuak» diren bi puntu nagusitan akordioarik ez dela lortzen azaldu dute; langileen soldata errealaren %2ko igoera eta urteko lan orduei, bost ordu gutxitzea eskatzen diote zuzendaritzari.
Batzordeak dioenez, zuzendaritzak 2016rako %1,4eko igoera eta 2017rako %1,6koa eskaintzen du, «baina ez da soldata errealei aplikatuko igoera hori» eta lan orduei dagokienez, «zuzendaritzak ez du horren inguruan hitzegin nahi».
Akordiorik ez bada lortzen «greba mugagabe partzialarekin jarraituko» dutela adierazi du enpresa batzordeak eta «beharrezkoa ikusten badugu greba orokor mugagabea deituko» dutela gehitu dute, «hitzarmen duin bat lortu arte».