Goierriko Artisten Topaketaren 15. edizioa inauguratu berria da. Eskualdeko 40 artisten lanak egongo dira ikusgai Beasaingo Igartza jauregian, urtarrilaren 6ra bitartean.

Eskualdeko sortzai-leen elkargunea den Goierriko Artisten Topaketa larunba-tean inauguratu zen. Hamabost urte igaro dira lehenengo topaketa egin zenetik, eta harrezkero, taldeko erakusketa egiteko biltzen dira Goirriko artistak urtero Eguberri inguruan. Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egin da orain arte topaketa, baina aurten, erakusketa kolektibo hau Beasaingo Igartza Jauregiko erakusketa gelan egingo da.
Adin eta diziplina ezberdinetako 40 artisten lanak ikus daitezke bertan. Horietako batzuk Igartzan ziren larunbatean, inaugurazio ekitaldian.Hainbat bisitari ere hurbildu ziren. Lanak ikusteaz gain, artistekin hitz egiteko aukera ere izan zuten artezaleek.
Jesus Lopez Zulueta koordinazio lanaz arduratu da, Angel Friasekin batera. Zulueta bera «oso pozik» agertu da beste behin ere «topaketa garaia iritsi» delako eta «aurten Igartza jauregian egiten» delako. «Moda sortzaileek pasarela behar duten moduan, artistok gure lana erakusteko espazioak behar ditugu», nabarmendu zuen Zuluetak irekiera egunean.
Ordutegia
Goierriko artisten lanen erakusketa urtarrilaren 6ra arte egongo da zabalik eta honakoa izango da ordutegia: astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik