Gaur 25 urte hil zen Joxe Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ataundarra. Urkullu eta Barkos lehendakariek parte hartuko dute Fundazioak antolatutako omenaldian, Sara etxean
Duela 25 urte bezalaxe, EAEko eta Nafarroako gobernuburuak Ataunen elkartuko dira, gaur. Joxe Migel Barandiaran antropologo eta etnografo ospetsua hil zeneko 25. urteurrena gaur da, eta Barandiaran Fundazioak ekitaldia antolatu du haren omenez. Bide batez, urritik bost euskal hiriburutan antolatutako mahai-inguru zikloa itxiko du.
Sara etxean izango da gaurko omenaldia eta ekitaldi instituzionala, 12:30ean hasita. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzaren lehendakari Iñigo Urkullu eta Nafarroako Gobernuaren lehendakari Uxue Barkos. Hego Euskal Herriko bi erakunde nagusien buruek bat egingo dute, Barandiaranen gorazarre.
Barandiaran Fundazioaren lehendakari Jose Mari Velez de Mendizabalek egingo die ongietorria; Sara etxea elkarte horrek kudeatzen du. Ataungo alkate Asier Rodriguezek ere parte hartuko du, baita hitzaldietan aritu den Argitxu Camusek ere.
Sara etxea ikusteko aukera
Egitaraua 12:00etan hasiko da, gonbidatuen iritsierarekin. Sara etxea bisitatzeko aukera izango da. Agintariei harrera 12:50ean egin, eta hitzaldiak egingo dituzte jarraian. Jentilbaratza elkarteak mitologia-antzezpena ere egingo du, tartean.
Lehendakarien hitzaldien ondotik, bi gobernuburuek Barandiarandarren etxea bisitatuko dute. 14:00etan bukatuko da.
1991ko abenduaren 21ean hil zen Barandiaran, 102 urte betetzeko hamar egun falta zituela, Ataun San Gregorioko Murkondo bailarako Sara etxean. Biharamunean, hiletako sekituan, Jose Antonio Ardantza eta Juan Cruz Alli lehendakariak izan ziren.
Kotxea San Gregorion utzi
Ataungo Udalak San Gregorio auzoan egokituko du ibilgailuentzat aparkalekua. Gonbidatuek han utzi behar dute kotxea. 11:30etik aurrera, autobus batek joan-etorriak egingo ditu Sara etxeraino.