Eguberriak alaiago Lazkaon
Kaleak argiztatuta eta apainduta, erakusleihoak lehiaketarako prestatuta, erosketetarako giro paregabea, datorren urteko egutegia… Dena prest dago Lazkaon Eguberriei harrera egiteko. Aurten, gainera, ...
Kaleak argiztatuta eta apainduta, erakusleihoak lehiaketarako prestatuta, erosketetarako giro paregabea, datorren urteko egutegia… Dena prest dago Lazkaon Eguberriei harrera egiteko. Aurten, gainera, udalaren eta Lazkaon merkataritza elkartearen arteko elkarlanari esker, inoiz baino erakargarriagoak izango dira egun berezi horiek.
Aurreko astean agertu ziren aurtengo Gabonen lehen zantzuak Lazkaon, kaleko argiztapena aste honetara arte piztu bada ere. Erakusleiho lehiaketa ere martxan jarri zen. Herriko merkatari guztiei zabaldu zieten Lazkaon elkarteak parte hartzeko gonbidapena, eta erantzuna ona izan da. Arropa dendak, harategiak, jostailu dendak, liburu dendak, okindegiak… denetik dago parte hartzaileen artean. Hiru sari banatuko dituzte, eta irabazleen aukeraketan herritarrek ere izango dute zer esana, gehien gustatzen zaien erakusleihoari bozka emanez. Bozkatzen duten guztien artean 400 euroko erosketa bono bat eta 150 euroko lau erosketa bono zozkatuko dituzte.
Egutegia opari
Ez dira horiek Lazkaon merkatari elkarteak Eguberrien harira emango dituen opari bakarrak. Hala, joan den astetik bezeroen artean 2017ko horma egutegia ari dira banatzen. Garai bateko Lazkao erretratatzen duten irudiez hornitutako egutegia da, eta oso harrera ona ari da izaten herritarren artean. 1.200 ale kaleratu dira guztira. Udal artxibategiak utzitako irudiak erabili dituzte, duela 50, 60 eta 70 urteko herria nolakoa zen erakusten dutenak: eliza, udaletxe ingurua, plaza…
Egutegiak Lazkaon bizi, Lazkaon erosi leloa darama aza-lean. Merkatari elkartearen xedea ederki laburbiltzen du.