Itsasondoko Jaso enpresako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute
Itsasondoko Jaso industrial enpresako langileek, bigarren asteazkenez jarraian, manifestazioa egin dute Ordiziako San Joan auzotik abiatuta eta Ordiziako azokan amaitu dute, Jaso Itsasondo, hitzarmen duin baten alde lemapean. Jasoko langileez gain, Goierriko hainbat enpresetako LAB, ELA eta CC.OOeko delegatu sindikalak egon dira manifestazioan, Jasoko langileei babesa ematen eta guztira 100 lagun inguru bildu dira.
Ostegunean, hiru aste beteko dira greba mugagabe partziala hasi zutenetik eta langile batzordeak esandakoaren arabera “momentuz ez da kontakturik egon zuzendaritza eta komitearen artean”. Gaurko batzarrean honakoa helarazi dute komiteko kideek; “mobilizazioetan hasi aurretik urratsak eman eta mahai gainean alternatiba ezberdinak jarri” zituztela, negoziaketari “soluzio on bat emateko asmoarekin”. Hortaz, “zuzendaritzari tokatzen zaio mugitzea”, gehitzen du langileen batzordeak. Aukera sortzen bada, “egoera desblokeatzeko mugituko” direla, baina “egoera deblokeatzeko giltza zuzendaritzak” duela nabarmendu dute.
Negoziaketen aurrean zuzendaritzak duen jarrera “inork ulertu ezin” duela adierazi dute Itsasondoko Jasoko langileek eta gatazkari irtenbidea ez ematea “erabat kezkagarria” dela azpimarratu dute.