Jon Erguin, Irati Zubizarreta, BKL, Ehunmilak, Atzegi eta Arri dira Kirol Sarien jabeak
Abenduaren 30ean banatuko dituzte Beasain Kirol Sariak Igartzako jauregian. Kirolaren eremuan egindako lanari esker ona adierazi nahi diote. Kirolaren Kontseiluak eman du epaia.
Beasainen kirol alorreko jarduera bultzatzen, sustatzen edota emaitzetan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen aipamen berezia egiteko sortu dira Beasain Kirol Sariak. «Beasaingo pertsonei eta entitateei edota Beasainen kirolaren eremuan egin den lanagatik jendaurrean esker ona adieraztea da helburu nagusia», dio Beasain Kirol Fundazioak.
Sari banaketa hilaren 30ean
Lehenengo edizioaren sari banaketa ekitaldia abenduaren 30ean egingo da, 19:00etan, Igartzako jauregian «Sariak ohorezkoak izango dira; hau da, ez dute inolako ekarpen ekonomikorik izango. Sari horien bidez egindako lana jendaurrean goraipatu eta horretarako antolatuko den ekitaldian bakoitzari dagokion ikurra emango zaie sarituei».
Zortzi eremutan edo mailatan banatu dituzte 2016ko Kirol Sariak: Gizonezko kirolaria, Emakumezko kirolaria, Ekipoa, Kirol taldea edo elkartea, Ikastetxea edo Guraso elkartea, Kirol ibilbidea, Enpresa babeslea, Pertsona boluntarioa, eta Kirol jarduera. Beasaingo Udalak eskumena du, egoki ikusiko balu, 2016ko Udal Sari berezia emateko.
Kirolaren Kontseilua
Beasaingo elkarteek eta ikastetxeek osatzen duten Kirolaren Kontseiluko kideek maila edo sari bakoitzerako hautagaiak proposatu dituzte lehenik, «hautagaiek saria merezi ahal izateko dituzten merezimenduak aipatuz». Ondoren, epaimahaiak Kirolaren Kontseiluak berak hartu du erabakia; «bertan Beasaingo elkarteetako eta ikastetxeetako ordezkariek bozketa egin dute».
BEASAINGO KIROL SARIAK · Gizonezko kirolaria: Jon Erguin (mendi bizikleta eta duatloiak). · Emakumezko kirolaria: Irati Zubizarreta (korrikalaria). · Kirol taldea/elkartea: BKL saskibaloi taldea. · Kirol jarduera: Ehunmilak ultratrail proba. · Ikastetxe/Guraso Elkartea: Atzegi. · Enpresa babeslea: Arri kooperatiba (BKLren babeslea) · Boluntarioa: Ehunmilak probetako boluntarioak · Ibilbidea: Ehunmilak.













