Bilbobus konpainiaren flota osatuko dute eta hainbat lineatan emango dute zerbitzua
Irizar i2e autobusa Bilbon
Irizar i2e autobus elektrikoa Bilboko kaleetan da gaurtik aurrera garraio publikoko zerbitzua eskaintzen. Bilbobus konpainiak Ormaiztegiko Irizar enpresak egindako horietako bi autobus gehitu ditu bere flotara, eta hainbat lineatan emango dute zerbitzua Bizkaiko hiriburuan.
Autobus ekektrikoa da Irizar i2ea, zero igorpenekoa eta 12 metroko luzera duena. Autobus isila da eta 200 kilometro baino gehiagoko autonomia du. Sodio-nikelezko bateriak erabiltzen ditu motor elektrikoari energia emateko; 180 Kw-ko potentzia du. Irizarrek, autobus horietako bi ez ezik, kargak egiteko estazioak eta autobusek karga adimendua egiteko zentrala ere hornitu ditu.
Autobus berrien aurkezpena gaur egin dute Bilbon. Autobus elektrikoak martxan jartzean, Donostia, Bartzelona, Valentzia edo Londresek bezala, jasangarritasunaren aldeko konpromiso sendoa berretsi du Bilbok ere.