Lurpe zabortegira errefusa eramateko erabakia bertan behera uzteko eskatu du berriz ere Mutiloako udalak
Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren eta Foru Aldundiaren isiltasuna salatu dute. Cespa enpresak Lurpeko hondakindegiak ez dituela oinarrizko legezko baldintzak betetzen berretsi dute
Mutiloako udal ordezkariak Donostiako Tabakalera eraikinera joan dira gaur goizean Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak lurralde osoko errefusa Mutiloara eramateko hartu duen erabakiaren berri azaltzeko eta Mutiloara eramateko bertan behera utz dezaten eskatzeko. Iñaki Ugalde alkateak adierazi duenez, «ez gaude ohituta Donostiara prentsaurrekoak ematera etortzen, baina gaiak beraientzat daukan garrantzia ikusita eta GHKk bere erabakian atzera egiteko asmorik ez duela ikusita, urrats hau ematea» erabaki dute.
Mutiloako Udalak irailean prentsa ohar bidez jaso zuen berria, eta “orduan adierazi genuen bezala, egiteko modua ez zen batere egokia izan». Ugaldek jakinarazi duenez, «irailetik hona eskatu ditugun iritzi tekniko eta juridikoen arabera, errefusa Mutiloara eramateko erabakiak ez ditu oinarrizko legezko-baldintzak betetzen». Izan ere, Cespa enpresak Lurpeko hondakindegian industriako zabor solido inerteak jasotzen ditu eta egun hala egin du zabortegiaz kargu egin zenetik. Ugalderen esanetan, «udal honek Cesparekin 1997tik sinatua duen hitzarmenak ere, enpresaren jarduera industriako zabor solido inerteak jasotzera mugatzen du. Hitzarmen hori duela bi urte berritu genuen eta, bai, udala, baita Cespa ere, bertan jasota dauden baldintzak betetzera behartzen ditu».
GHKri eta Foru Aldundiari hitzarmena, arau subsidiarioak eta jarduera lizentzia «eskura» eman dizkie, eta «prest agertu gara beharrezko balitz bildu eta gaia serio aztertzeko. Baina ez dugu inolako erantzunik jaso, lehen bilerak egin genituenetik, behin eta berriz egin ditugu saiakerak, gaur gaurkoz, ordea, isiltasuna besterik ez dago», zehaztu du mutiloarrak. Honela, «berriz ere egiteko moduetan eta formak zuzenak ez direla iruditzen zaigu». Txikiak izanagatik, «gutxienik nahi genuke gure ahotsa entzutea, eta ez gutxiestea», nabarmendu du Ugaldek.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.