Beasaingo saskibaloi taldeak 50. urteurrena ospatuko du 2017an, lehengo eta oraingo kideak elkartuz. Urtemugarako kamiseta berezia ere atera dute, eta San Silbestre proban estreinatuko dute
BKL Beasaingo Kirolaren Lagunak saskibaloi taldek 50 urte beteko ditu 2017an, eta goitik ospatuko dute. Antolatu dituzten ekitaldiak eta urtemugarako atera duten kamiseta aurkeztu dituzte gaur, Beasaingo udaletxean egindako ekitaldian.
1967. urtean La Salle ikastetxean sortu zen taldeak gora-behera asko bizi izan ditu mende erdian zehar. 2000.eko hamarkadan beheraldia izan zuen taldeak, baina azken urteetan, berpizte bat bizi izan du. Mikel de las Heras taldeko kideak azaldu duenez, egun 17 talde eta 200 jokalari baino gehiago ditu.
Aitor Aldasoro alkateak, BKL taldeak Beasaingo herriari egindako ekarpena eskertu nahi izan du. «Udal batentzat garrantzia handia du horrelako ekimenei bide ematea. 50 urte dira La Salle ikastetxean taldea sortu zutenetik, eta guretzat ohorea da Beasaingo talde batek 200 neska-mutil izatea». Boluntario moduan aritu direnen lana eta konpromisoa ere eskertu ditu.
Urteurren borobil hori antolatzeko, 20 laguneko talde bat sortu dute. Hortik sortu dira datorren urterako ospatuko dituzten ekitaldiak. Zuzendaritzan aritutako guztiak edota lehengo eta oraingo jokalariak elkartuko dituzte. Saskibaloi munduko izen esanguratsuak ere ekarri nahi dituzte mahai-inguruko ekitaldi batera. Atzera begira jarrita, berriz, argazki, kamiseta eta bestelako materialekin osatutako erakusketa jarriko dute Igartzan, eta klubari buruz prentsan ateratako artikuluak biltzen dituen argitalpen bat ere prestatzen ari dira.
50. urteurreneko ekitaldiak
· Abenduak 31. Kamiseta berriaren estreinaldia San Silbestre proban. 60 bat lagun aterako dira BKLren izenean.
· Urtarrilak 7. ‘Beasainen Saskibaloia 50 urtez’ erakusketa Igartza jauregian, argazki, bideo, kamiseta eta material zaharrekin.
· Otsaila. 50 urtetako albiste eta prentsako artikuluekin osatutako aldizkaria argitaratu eta salgai jarriko dute.
· Martxoa. Bilera-bazkaria taldeko zuzendaritzan aritu diren kide guztiekin.
· Apirila. Beasaingo beteranoen arteko partidak (neskak eta mutilak), La Salle ikastetxean.
· Maiatza. Saskibaloiaren inguruko pertsonaia ezagunekin mahai ingurua, eta Saskibaloiaren Gala egingo dituzte.
· Ekaina. 3×3 Saskibaloi Txapelketa, bertso poteoa eta herri bazkaria, lehengo eta oraingo jokalariekin.