Errotaundi okindegiaren erakusleihoa saritu dute Lazkaon
Lazkaoko erakusleiho lehiaketako sariak banatu dituzte gaur, eguerdian udaletxean egin duten ekitaldian. Errotaundi okindegiak eraman du, aurten ere, sari nagusia. Bigarrena, Miszelania larruzko poltsen dendak jaso du, eta hirugarrena, Amets arropa dendak. Saridun bakoitzak, diploma eta saski bana jaso ditu.
Guztira Lazkaoko 43 merkatarik parte hartu dute aurtengo lehiaketan. Udalak eta Lazkaon Merkatari Elkarteak elkarlanean antolatzen dute egitasmo hori. Herritarrak izaten dira, beraien botoen bidez, erakusleiho dotoreenak aukeratzen dituztenak. Parte hartu dutenen artean ere, sariak banatu dituzte, zozketa bidez. Aurtengo sarituak, Pilar Erasun, Amaia Leunda, Pepi Agirre, Gurutze Gaztelumendi eta Montse Martin izan dira.