Jendetza bildu da Ordizian, Eguberrietako aparteko azokan
Eguberrietako aparteko azoka egiten ari dira gaur Ordizian, eta eguraldia lagun, jendetza bildu da herriko kaleetan. Hegaztien eta gainontzeko animalien erakusketa, artisau postuak, taloak eta bertako produktuak izaten dira egun horretako berezitsun nagusiak.
Errezil sagarren eta bestelako fruituen postuak jarri dituzte Garagartza plazan. Beti Alai pilotalekuan berriz, oilo, ahate, antzar eta hegaztiak daude ikusgai. Pilotalekuaren kanpoaldean berriz, asto, txerri, ahuntz eta bestelako animaliak jarri dituzte, haurren eta ez hain gazteen gozagarri.
Barrena jauregiaren atarian, Ordiziarrock-ekoek txerria erre dute burduntzian, goizeko 04:00etan hasita. Pintxoak, hamaiketatik aurrera hasi dira banatzen. Haien ondoan, Ordizia Rugby Elkartekoek gaztinak erre dituzte danbolinean. Goierri Birzirik plataformakoak ere toki berean daude, Mutiloako zabortegiaren aurkako sinadurak biltzen.
Plazan berriz, asteroko postuez gain, Oiangu jatetxeko sukaldariak aritu dira, Idiazabal Gazta oinarri hartuta, hainbat plater berezi prestatzen. Ataungo eta Segurako talogileak, Kilometroetako postua edota Jentilen Etorrerako egutegiak saltzeko mahaia ere baziren, Torto pertsonaia ere bertan zela.
Gaztagileei aitortza
Azoka bereziarekin batera, urtean zehar nazioarteko lehiaketetan sariak jaso dituzten gaztagileei aitortza egin diete. Idiazabal Gaztaren jatorri izendapenak, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak eta Ordiziako Udalak antolatutako ekitaldia izan da. Idiazabal jatorri izendapeneko 54 gaztandegi izan dira omenduak, guztira 112 sari eta domina jaso baitituzte hainbat lehiaketatan. Haien artean ziren Goierriko hainbat gaztagile, hala nola Baztarrika, La Leze, Aizpea, Otatza, Troskaeta, Goiburu, Aranburu eta Muñoa.