Labeaga eta Ipeñarrieta kaleetan berritze lanak hasi ditu Urretxuko Udalak
Labeaga eta Ipeñarrieta kaleetako bidegurutzean berritze lanak hasi ditu Urretxuko Udalak. Prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, «herriko kaleetako zirkulazioa hobetzeko helburuarekin» egingo dira lan horiek. Ipeñarrieta kalean autobus geltoki berria
Labeaga eta Ipeñarrieta kaleetako bidegurutzean berritze lanak hasi ditu Urretxuko Udalak. Prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, «herriko kaleetako zirkulazioa hobetzeko helburuarekin» egingo dira lan horiek.
Ipeñarrieta kalean autobus geltoki berria jarri dute, espaloia zabalduz. Itxaron eremu berriak 1,80 metro ditu zabaleran eta 18 metro luzeran. Lan horiek azken astean burutu dituzte, eta autobusen ordutegiko pantaila lekuz aldatzea baino ez da gelditzen, Igor Zubillaga zinegotziak esan duenez.
Berritze lanen bigarren faseari Gabonetako oporren ondorenean helduko diete berriz. Lan horien barruan, Ipeñarrieta kaleko bi aldeetako, eta Urretxutik Zumarragara doan zubiko espaloiak zabaltzea eta autoentzako errepidea estutzea aurreikusten dira.
Ipeñarrieta kaleko atari bakoitien parean dagoen behin-behineko bidegorria kendu egingo dute, «erabiltzaileen segurtasuna bermatze aldera», Zubillagak baieztatu duenez. Kendu egingo dituzte era berean, gaur egun dauden berdeguneak ere. Hala, espaloia 2,12 metro zabal izatetik 2,65 metro zabal izatera pasako da.
Aparkalekuak aldatu
Kale bereko atari bikoitien aldean, 3 metro zabaleko espaloia mantenduko da, baina aldaketak izango dira aparkalekuan. 4,92 metro zabaleko aparkaleku berria egingo dute, eta autoak gaur ez bezala, baterian aparkatu beharko dira. Zabaltze lan hauek errepidea estutzea ekarriko dute «autoek abiadura moteldu dezaten». Errepide berriak 3,75 metro zabal izango ditu.
Ipeñarrieta eta Labeaga kaleetarako sarbidea den, eta Zumarragarekiko lotunea egiten duen zubian ere berrikuntza lanak egingo dituzte. Zubiaren bi aldeetako espaloiak zabalduko dituzte, «gaur egun, alde batekoa batez ere, oso estua delako». 1,55 metro eta 3,20 metro izatetik 3 metro eta 4,55 metro izatera pasatuko dira zabaleran, oinezkoentzako segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.
Kasu honetan ere, espaloia zabaltzeak errepidea estutzea ekarriko du. Horretaz gainera, Ipeñarrieta kaleko behin behineko bidegorrirako lotunea ere desagertu egingo da, «bidegorria desagertuko bada, ez daukalako zentzurik lotura mantentzea».
Errepideko zabalera aldaketa probestuz, bai Labeaga, bai Ipeñarrieta aldera joateko bihurguneak zabalduko dituzte. Gaur egun, Labeaga aldera joateko bihurgunea oso itxia da, eta oinezkoentzako zebrabidea dago segituan. Bihurgunea zabalduta, auto gidarientzako ikuspegia hobetu nahi da.
Lanak Gabonetako oporren ondoren hasiko dituzte, eta zinegotziak esan duenez, «hilabete eta erdi» iraungo dute.