Maite Salutregi: «Aurtengo sariarekin, aurretik nuen arantza txiki hori kendu dut»
Oskolak lanarekin Goiart lehiaketako hirugarren saria jaso berritan, gustura dago Maite Salutregi, Itsason bizi den eibartarra. Pott keramika taldeko kide ere bada, eta Barrenako erakusketaz gain, bere keramika lanak Ordiziako azokan ikusgai izango dira gaur.
Hirugarrren saria lortu duzu, nola sentitzen zara eta zer esanahi dauka zuretzako?
Oso pozik. Nire lana aintzakotzat hartu dutelako batez ere. Epaileak adituak izateak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak izateak, oraindik garrantzitsuagoa egiten du niretzat sari hau jaso izana.
Beti esan ohi dut, errekonozimendua izateko lehenenego konozimendua egon behar dela. Sari bat jaso eta epaimahaia zein izan den jakiteak, eta nortzuk izan diren jakinda, oraindik poz handiagoa eman dit. Goiart sariak ere urtetik urtera garrantzia handiagoa hartzen ari den saria da. Hortaz oso pozik nago.
Lehenengo aldia al da Goiart sarian parte hartzen duzula?
Orain dela urte batzuk ere parte hartu nuen, eta ez nintzen aukeratua izan. Oraingoan arantza txiki hori kendu dut.
Beste lehiaketa batzuetan parte hartu izan duzu?
Bai, baten baten bai, zeramika mundukoetan batez ere. Nazioarte mailako lehiaketa batean parte hartu nuen, eta saritua ez izan arren, selekzionatua izan nintzen. Beste zeramikagileen artean egoteak, sarituen artean egotea bezala zen niretzako. Hala ere Goiart bezalako gutxi daude inguruan.
Zein da horrelako lehiaketen inguruan duzun iritzia?
Oso ona dela uste dut. Euskal Herriko lanak bisualizatzeko aukera ematen baitute eta horretaz gain, artisten lana saritzeak garrantzia handia du. Artearen munduan gure produktoak zaindu egin behar ditugu, eta badirudi beti kanpokoa hobea dela. Museoak baditugu, baita oso maila altukoak ere, baina bertako arteak horrelako sariekin errekonozimendua izateak oso pozgarria da.
Goiarten aurkeztu duzun eskulturak ‘Oskolak’ du izena. Zer konta dezakezu zure lan horri buruz?
Orain dela bi urte bukatu nituen gradoko ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Eskultura kominor batean eta orduan egindako proiektu baten parte da Oskolak.
Ama euskara izena du proiektu osoak eta horrekin ama hizkuntzaren garrantzia isladatu nahi dut. Oskolak, euskararen gordeleku bezala isladatzen ditut.
Artelanak bi diziplina biltzen ditu: argazkilaritza eta zeramika. Alde batetik nire eguneroko tresna, zeramika, oso garrantzitsua dena. Bestalde, argazkiak, nire ikuspuntu pertsonala adierazteko erabiltzen ditudanak eta nire lanen osagarri bezala balio dutenak.
Pott keramikako kide ere bazara, noiz eta nolatan sortzen da proiektu hori?
1992an sortzen da, Jone Urainekin batera, Itsason. Pott keramika gure lantokia da. Atal ezberdinak ditu; batetik, bakoitzak gure proiektu pertsonalak garatzen ditugu eta bestetik, biok elkarrekin ere lan egiten dugu. Eskaerak ere erantzuten ditugu; garaikurrak, ikastaroak, enkarguak… Laster, gainera, webgunea ere irekiko dugu Internetaren aro berri honetara egokitzeko asmoz, bezeroekin harremana asko aldatu baita.
Mahai gainean dituzun proiektuen inguruan zerbait aurreratzerik bai?
Beti ditut ideiak, erletxoen moduan bueltaka. Naturak duen indarrak betidanik erakarri du nire atentzioa, bere antolamendua gehienbat. Ematen du sortzen gastatzen duela energia gehiena. Baina mantentzen gastatzen omen du. Eta hori da oraintxe buruan dudan hurrengo proiektua. Mapa kontzeptual batetik hasi, eta eskulturan gorpuztea da ideia.
Bestalde, gaur Ordizian izango gara, azoka berezian Pott keramikarekin. Postutxo bat jarriko dugu guk egindako lanekin eta gure Ardi latxa ere eramango dugu.