Maialen Aristimuñoren zeramikazko paradisua
Legazpiko artistak zeramika erakusketa jarri du ikusgai Kultur Etxean. Xalinko elkartean egin zituen lehen urratsak.
Maialen Aristimuño, Taupadak bildumako hainbat lanez inguratuta. @indiagitana_ Itsasoa, Familiaren eta lagunen mahaia, Taupadak eta Laborategia. Lau gune horiek osatzen dute Maialen Aristimuño Agirrek (Legazpi, 1998) Zeramikazko paradisua izenburuarekin Kultur Etxean jarri duen erakusketa. Joan den ostiralean ireki zuen, eta hilaren 21era arte izango du ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Herriko Xalinko elkartean murgildu zen zeramikaren lanketan, eta sorkuntza artistikoarekin ildotik jorratu du diziplina hori. Lehen aldia da bere lana erakusten duena, eta bere burua artista gisa aurkezten duena publiko aurrean.
Hiru urteko ibilbidea
Duela hiru urte eskas hasi zen zeramika lantzen Aristimuño. «Xalinkok bi urtean behin egiten duen ikastaroan eman nuen izena, eta hasieratik harrapatu ninduen», gogoratu du. Aurretik marraztu eta margotu egiten zuen, eta eskulanak gustuko zituen. «Asko gustatzen zait ikustea, ukitzea… esperientziak, azken batean. Nire lanbidean ere horretan nabil, esperientzia digitaletan aditua naiz. Kontua da dena dela esperientzia, toki guztietan, emozioak iradokitzen direlako, eta artean are gehiago, baina artea bidea izan beharrean, helburua da, azken muga».
Xalinkon ikasten ari zela, Valentziara ere joan zen modelaketa lantzera. Gero, beste pauso bat egin zuen aurrera. «Geroz eta gehiago nahi nuen, eta duela urte bete Granadara joan nintzen kuadrillako Leire Goikoetxearekin batera tornuaren inguruko asteburuko ikastaro trinko bat egitera». Hasieran ez zuen tornua gustuko, «pazientzia asko behar delako», eta horregatik gehiena eskuz egiten zuen, plantxan, edo modelatuz. Cecilia Punzok eman zuen Granadako ikastaroa, eta «harekin, tornua ikasteaz gain, sentitu nuen ondo komunikatzen ginela arte kontzeptuan». Horregatik, eta telelana egiteak ematen zizkion erraztasunak baliatuz, berarekin hiru hilabeteko egonaldi artistikoa egitera joan zen.
Ordurako, itsasoari eskainitako bilduma bat egitea zuen pentsatuta. «Hilabete bat egin nuen aurretik Lanzaroten, lasaitasun bila joanda, eta denbora asko igarotzen nuen itsasoari begira, kontzienteki olatuei begira, eta han sortu zitzaizkidan ideia guztiak islatu nahi nituen zeramikan». Kontzeptua argi zuen, diseinua ere egin zuen, baina arazoa zen non gauzatu zezakeen guztia. «Ez nituen tresnak, ezta jakintasunik ere nik nahi nuen hura eta nahi nuen bezala gauzatzeko, eta horregatik jo nuen Ceciliarengana».
Lau gune
Hiru hilabeteko egonaldi artistiko haren emaitza da Itsasoa bilduma. Granadan bertan egindako piezak dira guztiak, batzuk tornuan egindakoak eta beste batzuk ez, eta erakusketa aretoko sarrerako gela eskaini die osorik Aristimuñok. Zeramika lan horiek ontziak dira gehien bat, kolore urdinekoak, eta testura eta tamaina ezberdinekoak. Geiser, Laba, Perspektiba, Korronte… dira lan horietako batzuen izenak, itsasoari begira sortutako ideia, pentsamendu edo emozio bati erreferentzia eginez.
Bigarren gelan beste hiru gune daude, «zeramikak dituen mahai desberdinak irudikatuz». Hiru mahai prestatu ditu horretarako artista legazpiarrak, eta lehena «familia eta lagunak biltzen dituena da, oso garrantzitsua». Plateren bat edo ontziren bat egiten duenean, etxekoiei edo lagunei oparitzeko dela dio. Mahai horretan jasotako piezekin ingurukoak ekarri nahi izan ditu gogora. Pieza guztiak erabilgarriak dira: «Katiluak, platerak, entsalada ontziak, loreontziak…».

Bigarren mahaian Taupadak bilduma jaso du. Duela gutxi Balin egindako Enraizadas izeneko erretiroan ezagutu zuen jendeari oparitzeko egindako lanak dira. «Erretiroa amaitu eta gutxira elkartu ginen hemen, Akelarre Enraizadas topaketa egiteko, eta bakoitzarentzako opari bat egin nuen. Bi hilabetetan 83 loreontzi egin nituen, granate tankerako kolorekoak, denak diferenteak, eta egundoko erronka izan zen. Hemen daudenak haietako batzuk dira».
Kolore granateari lotuta, ondoko mahaiari Laborategia deitu dio. Bertan Xalinko irudikatzen duela dio Aristimuñok, «zeramika ezagutu dudan tokia eta esperimentazio gehiena egiten dudan tokia delako». Oraindik lotura estua du Xalinkorekin, «Ikasteko lekurik onena da, izugarrizko baliabideak ditugulako. Beste kideek asko erakutsi didate, elkarrengandik ikasten dugu denok». Mahaian kolorearekin I+G prozedura erabiliz egindako esperimentuen emaitzak eta muestrak jaso ditu, besteak beste. Pieza baten bilakaera zein den ere ikusi daiteke bertan, buztin gordinetik hasi eta esmalte edo koloredun pieza lortzeraino, «labearen magiaren ondoren».
Pieza ugari daude jasota Zeramikazko paradisua erakusketan, “baina nire asmoa ez zen piezak erakustea soilik. Nik zeramika zer den, zeramikak zer toki betetzen duen, eta iritsi naizen lekura nola iritsi naizen erakutsi nahi nuen gehiago”.
ARGAZKIAK: @nahiargazkiak














