Euskal Gabonak, postaletan
Goiztiri AEK euskaltegiak ohikoa du urteko sasoi honetan Gabonetako postal lehiaketa egitea. 25 urte baino gehiago dira lehiaketa hori lehenengo aldiz ...
Goiztiri AEK euskaltegiak ohikoa du urteko sasoi honetan Gabonetako postal lehiaketa egitea. 25 urte baino gehiago dira lehiaketa hori lehenengo aldiz egin zutela. Ordiziako Jakintza Ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko 3, 4, 5 eta 6.mailako ikasleek hartu dute parte. eta 200 postal inguru jaso dituzte antolatzaileek.
Parte hartzaileek Euskal Gabonak islatzen dituzten postalak egin behar izan dituzte. Epaimahaia euskaltegiko ikasleek osatu dute eta haiek izan dira aurtengo irabazleak aukeratu dituztenak. San Tomas egunean banatu zituzten sariak Ordiziako Barrena kultur etxean, eta eraikin bereko ezkaratzean erakusketa jarria dute. Urtarrilaren 4a arte egongo dira lanak ikusgai, Barrena irekita dagoen ordutegian.
Lau sarituak
Euskaltegiko zuzendari Oihane Jordanak eman zuen euskaltegiko ikasleen epaia. Ordiziako gaztetxoek «oso lan txukunak aurkeztu» dituztela eta epaimahaiak «irabazleak hautatzeko lan zaila izan» duela argitu zuen.
Aurtengo irabazleak ondorengoak izan dira; Hirugarren mailako saria Jakintza ikastolako Haizea Salcedak jaso du. Euskal Gabonak «ezin hobeto islatzen jakin» duela nabarmendu du epaimahaiak.
Laugarren mailako saria, bereriz, Jakintza ikastolako Maren Varelarentzat izan da. Epaimahaiak, erabilitako irudimena eta originaltasuna nabarmendu ditu, besteak beste. Material ezberdinak erabili ditu postala egiteko eta «konbinazio ezin hobea» dela adierazteaz gain, «lan handia egin» duela ere aipatu dute AEK-ko ikasleek.
Bosgarren mailako irabazlea Urdaneta ikastetxeko Ekiñe Carrion izan da. Erabilitako materialari egin dio apaimena bereziki epaimahaiak, «oso ondo pentsatutakoa eta konbinatutakoa» izan delako.
Azkenik, seigarren mailako irabazlea, Jakintza ikastolako Maier Estala izan da. AEK-ko ikasleek postala egiteko erabilitako «formatu berritzailea eta ezberdina» hartu dute aintzat saria ematerakoan.