Gerra jasan zutenak oroitu dituzte Ataunen, memoria historikoaren zikloa bukatzeko
36ko Gerraren ondorioak jasan zituztenak gogoratuz bukatu dute Ataunen Iragana gogora ekartzen memoria historikoaren zikloa. Urrian hasita, ekitaldi sorta egin dute herrian, “zapaltzaileek” idatzitako historiaren gainetik, “euskaldunon benetako historia eta kontakizuna” berreskuratzeko. Ataungo Murkondo, Haitzarri, Biboletak eta Atauniker elkarteek antolatu dute egitaraua, eta bertan, hitzaldiak, antzerki saioak eta etxez etxe banatu den argitalpena izan dira, besteak beste.
Aiako ekitaldia, Nekane Munduate artista ataundarrak egindako eskulturaren parean izan da. Dantzarien agurra eta lore eskaintza egin dituzte. Asier Rodriguez alkateak parte hartu du ekitaldian, hainbat herritarrekin batera. Bere hitzetan, “iragaranen garrantzia, poliki bada ere, azaleratzen eta dagokion garrantzia ematen” ari dira. “Herri honen memoriak zutik dirau eta jende asko ari da, gurea izan dena berreskuratzen eta benetako historia idazten”. Hala, “indentitateari eutsi nahiak eta herri izarea indartzeak gure komunitate sena” sendotu dutela uste du. Zentzu horretan, “euskal belaunaldi desberdinetan, euskaldunok ‘hitza eta erabakia’ izateko herritar ugari borrokatu” direla azpimarratu du, eta etorkizuna, “elkarrekin” eraiki behar dela, “inoren esku hartzerik gabe” herritarrek erabaki behar dutela.