Ziklo-kros zirkuituko izen nagusiak bilduko ditu lasterketak, 46. edizioan, bihar eguerdian. Ion Izagirrek eta Pello Olaberriak ere parte hartuko dute

Euskal Herriko ziklo-kros zirkuitoko azken proba jokatuko dute bihar, Ormaiztegin. Martxan den ziklo-kros probarik zaharrena da berau; 1962. urtean egin zuten aurreneko edizioa, eta aurten, 46. urtea beteko du Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak taldeak antolatutako proba beteranoak.
Aurten ez du txapelketen dirdirarik izango, baina bada edizio hau berezi egingo duen detailerik. Izan ere, Jon Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra itzuliko da probara. Movistar taldearen mailotarekin jokatuko duen azken lasterketa izango da, gainera abenduaren 31n bukatzen zaio kontratua. Azkenekoz, afizionatu mailan zebilela parte hartu zuen Izagirrek Ormaiztegiko proban. Harekin batera, errepideko beste txirrindulari goierritar bat, Pello Olaberria ere Ormaiztegin izango da.
Faboritoei dagokionean, ziklo-kros zirkuituko txirrindularirik onenetakoak izango dira Ormaiztegin. Iaz Ormaiztegin garaipena lortu zuen Aitor Hernandez eta Ormaiztegin irabaztea zer den ondotxo dakien Javier Ruiz de Larrinaga han izango dira. Baita Ismael Esteban eta Kevin Suarez ere.
Ibilbideari dagokionez, 2.500 metroko zirkuitua osatu dute herrigunean eta inguruko zelaietan barrena. Aldaketa txiki bat ere egin diote. Antolakuntza lanetan aritzen den Angel Elortzak azaldu duenez, «hilerriko aldapan zementua dago, eta nahiko irristakor» gelditzen da; hori dela eta, «zelaitik barrena bidea egokitu» dute.
Goiz osoko festa
Ormaiztegiko 46. Ziklo-kros proba 09:30ean hasiko da, Master 30, 40 eta 50 mailetan. 10:30ean kadete mailako neska-mutilek parte hartuko dute, eta 11:15ean, juniorrek 23 urtez azpikoek eta elite mailako neskek. Gizonezkoen proba nagusia, berriz, 12:15ean hasiko da.
Alfredo Irusta omenduko dute, irabazi zueneko 50. urtemugan

Irusta eta Mendijur Ormaiztegin, 1963an.
Ziklo-krosak Euskal Herrian bizi izan dituen urrezko urteetako protagonistetako bat izan zen Alfredo Irusta. Errepidean ere bere ibilbide profesionala egin zuen, baina lokatz arteko probetan egin zen ezagun, herriz herri lasterketa ugari irabazita. Horietako bat, Ormaiztegikoa, irabazi zuen duela 50 urte. Hori dela eta, Ormaiztegiko Txirrindularien Lagunak taldeak omenaldia eskainiko dio biharko proban.
Irusta 1934an jaio zen, Ampueron (Cantabria, Espainia). 36ko Gerrak oso gertutik jo zuen bere familia, haurra zela, aita fusilatu egin baitzioten. Soldadutzatik bueltan, 23 urterekin hasi zen bizikletan, eta 26rekin egin zuen debuta ziklokrosean.
Euskal Herrian hainbat proba jokatu zituen. Beti Amelio Mendijur handiaren itzalean ibili zen; 1963ko eta 1964ko Ormaiztegiko ziklokros probetan, bigarren egin zuen, Mendijurren atzetik, baita 63ko Beasaingo munduko txapelketan ere. 1966. urtean ordea, errebantxa hartu zuen, Beasainen jokatutako Espainiako Txapelketa eta Ormaiztegiko proba, biak irabazita.
Bihar merezitako omenaldia egingo diote Ormaiztegin. Irustak 82 urte ditu, eta txirrindularitzan aritutako semeak lagunduta etorriko da.