Beasaingo PSE-EEk Bilbon izandako ustezko sexu erasoa gaitzetsi du
Beasaingo alderdi sozialistak pasa den abenduaren 6an Bilboko Doña Casilda Iturriza parkean izandako sexu erasoa gaitzetsi du prentsa ohar bidez, eta «gure herriaren izena hain nazkagarria den ekintza batean nahastuta azaltzea» deitoratu du, «ustezko erasogilea gure herrian atxilotu dutelako».
Era horretan, PSE-EEk komunikatuarekin, biktima gazteari bere elkartasuna adierazi nahi izan dio, eta «ahalik eta azkarren errekuperatzea» espero duela nabarmendu du.
Sozialisten ustez, «kontzientziatu egin behar gara gertatu denaren larritasunaz eta emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko denon laguntza garrantziaz».
Era berean, PSE-EEk bere konpromisoa berretsi du, «biolentziazko ekintza hauek eta emakumeen eskubideen urraketak zigorrik gabe gera ez daitezen».
Azkenik, Beasaingo PSE-EEk nabarmendu duenez, «gizarteak, alderdi politikoek, erakundeek, denok, zero tolerantzia adierazi behar dugu emakumeen erasoen aurrean».