Ordiziako bizikleta zale talde batek bloga sortu du. Mendiko txirrindularitza bultzatzeaz gain, Goierriko bideak eta txokoak ezagutarazi nahi dituzte. Ibilbideen track-ak osatzen ari dira

Ordiziako bizikleta zaleez osatutako lagun talde batek osatzen du Bttlandia Goierri. Whatsapp -eko talde batetik abiatu eta bloga sortu dute Interneten dagoeneko. Helburu bikoitza du blogak: mendiko bizikleta bultzatzea eta Goierriko bideak eta txokoak ezagutaraztea. «BTTan ibiltzen gara normalean eta tarteka errepidean ere egiten ditugu kilometro batzuk. Blog honetan normalean egiten ditugun ibilbideak eta aurkitzen ditugun ibilbide berriak azalduko ditugu», azpimarratu dute.
Era horretan, Bttlandiaren bidez, Goierriko txirrindulariei eta kanpotik datozenei ibilbideak ezagutzeko tresna sortu dute: «Guk behintzat, ezagutzen ez dugun lekuren batera joan behar garenean Wikiloc-en tracka bilatu eta horrela joaten gara. Eta behin baino gehiagotan gertatu zaigu jaitsitako track-a ez izatea guk uste genuen bezalakoa».
Zailtasun desberdineko ibilbideak proposatuz joango dira pixkanaka. Bideoak ere sortzen dituzte beraien lana lagungarriagoa izateko.
Hori bai, laguntza ere eskatu dute Bttalandia Goierrikoek: «Guk ez ditugu Goierriko zoko guztiak ezagutzen; beraz, benetan gustatuko litzaiguke jendeak parte hartzea, track berriak gomendatzea edo gure track-ei alternatibak edo hobekuntzak proposatzea». Bttlandia Goierrirekin harremanetan jar daiteke blogaren edo Facebookaren bidez. «Beraz, inongo zalantza edo proposamenik izanez gero jarri kontaktuan gurekin inongo konpromisorik gabe eta zabalduko dugu blog honen bitartez».
Mendiko bizikletaz harago
Blogeko erreferentzia nagusia mendiko bizikleta izango bada ere, «tarteka errepideko frogak edota mendiko txangoetaz ere egingo dira postak».