Antzezmotz antzezlan motzen lehiaketa otsailaren 10ean hasiko da
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Antzezmotz lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. Aurten antzezlan laburren lehiaketa honetan kanporaketa bat gutxiago egongo da eta emanaldiak bi ordu lehenago hasiko dira: 20:30ean.
Urretxu eta Zumarragako Karmakros antzerki taldeak Antzezmotz lehiaketaren hirugarren edizioa antolatu du. Aurten antzezlan laburren lehiaketa honetan kanporaketa bat gutxiago egongo da eta emanaldiak bi ordu lehenago hasiko dira: 20:30ean. Helburua ikusle gehiago erakartzea da.
Aurtengo ekitaldia asteazkenean aurkeztu zuten Karmakros antzerki taldeko Arantxa Azaldegi, Mary Franco eta Patxi Remirok. Aurkezpena Labeaga aretoan izan zen, antzerki saioak toki horretan bertan izango baitira: kanporaketak otsailaren 10ean, 17an eta 24an izango dira eta finala martxoaren 10ean.
Karmakroseko kideek aurten kanporaketa bat gutxiago egongo dela esan zuten: hiru, lauren ordez. Hala, hamabi taldek parte hartuko dute. Bestalde, saioak 20:30ean hasiko dira.
Sarrera, doan
Aldaketa horien helburua ikusle gehiago lortzea da eta horretarako kanporaketak laburragoak izango dira: aurten gonbidatutako antzerki taldea amaieran bakarrik irtengo da agertokira, epaimahaia eztabaidatzen ari den bitartean. Gainera, udalen laguntzari esker, sarrera doan izango da.
Sariei dagokienez ere berrikuntzak egongo dira. Lehen saria 800 eurokoa izango da eta bigarrena 400ekoa. Gainera, aktore onenentzat, gidoi onenentzat eta euskarazko lan onenentzat sariak egongo dira. Azken sari hori 200 eurokoa izango da eta beste hiruak 100 eurokoak.
Izena emateko epea zabalik dago oraindik. Parte hartu nahi dutenek, Karmakrosen Face-book-ean eman behar dute izena, otsailaren 5a baino lehen. Antzerki taldeek beraiek idatzitako obrak aurkeztu behar dituzte, gutxienez 8 minutuko luzera dutenak eta gehienez 15 minutukoak.
Karmakrosekoek taldeak parte hartzera animatu dituzte eta ikusleak antzerkiaz gozatzera. «Lehiaketa honetan emanaldi asko ez dituzten taldeek parte hartzen dute eta pena izango litzateke galtzea. Izan ere, lehiaketa honi esker talde hauek jendeaurrean antzezteko aukera dute eta ikusleek ohikoa ez den antzerkiaz gozatzekoa», amaitu zuten.