Errugbiko Kopako partida eta Orkli nesken estrenaldia izango dira astebukaeran Altamiran
Asteburu interesgarria dator Ordizian errugbiari dagokionean; batetik, Ampo Ordiziako mutilek, kopako txapelketako partida jokatuko dute eta bestetik, Orkli nesken taldearen estrenaldia izango da Euskal Ligan.
Ampok, Santanderreko Senor Independiente taldea izango du aurkari igandean 12:00etan. Kantabriako taldea, gora behera handiko ligako txapeleketa ari da egiten. Talde ahulen kontra errez irabazten eta indartsuen aurka porrot nabarmenak izaten ari da. Une honetan Ampok baino puntu bat gehiago du ligako sailkapen nagusian. Hala ere, Ampok ez du itxaropena galtzen, eta gogor borrokatuko da igandean garaipena lortu eta Kopako finalerdietarako pasea lortzeko. Ordiziarren entrenatzaileak diren, Garmendia eta Marotiasek, urrezko hamabosta aterako dute zelaira. Agustin Delledone flanker argentinarra ordea zalantza izango da azken momenturarte, izan ere, aurreko igandean Getxoren kontra jokatutako neurketan lehenengo minutuan min hartu zuen.
Nesken estrenaldia
Ilusio handiarekin, Ordizi Orkli nesken taldea estreinatuko da Euskadiko Errugbi Federazioak antolatutako Euskal Ligan. Hitzordua, larunbat honetan, 13:30ean, Altamiran izango da. Euskal Ligan, sortu berri diren lau taldeen artean, sei jardunaldi izango dira; Donostiako Bera-bera, Errioxako Mazorla, Gernika eta Ordiziako Orkli.
Emakumezkoen talderik ez da egon Ordizia Rugby Elkartean urte askoan. Denboraldi hasieran klubak deialdia egin ostean, une honetan, 22 neskek osatzen dute taldea; horietako sei Ordiziakoak dira, beste horrenbeste beasaindarrak eta jokalari bana dator, Zarautz, Azpeitia, Idiazabal, Errenteria, Gabiria, Zegama, Legazpi, Zumarraga eta Donostiatik. 22.a Estatubatuarra da. Taldea astean bitan elkartzen da Altamiran entrenatzeko, Agustin Ortiz argentinarraren eta Ampo Ordiziako jokalari denaren gidaritzapean. Errugbia probatzeko interesa dutenek, oraindik ere, taldea irekita dago.