Imanol Zubiaurre beasaindarrak irabazi du Lemniskataren III. Matematika Argazki lehiaketa
Iñaki Sanchez beasaindarrak lortu du bigarren saria; Carlos Mediavilla urretxuarrak hirugarren saria; eta Iñaki Hidalgo ordiziarrak eskualdeko edo sozial saria.
III. Matematika Argazki lehiaketak eman dio hasiera gaur 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian, Lemniskataren Urtarrila, matematika bila hitzaldi zikloari. 100 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara eta etxekoak izan dira nagusi.
Lehenengo saria, Imanol Zubiaurre beasaindarraren Azeria lanak jaso du. Bigarren saria, beste beasaindar batek jaso du, Iñaki Sanchezek, Reloj lanarekin. Hirugarren saria, Carlos Mediavilla urretxuarraren Eskailera argazkiarentzat izan da. Eskualdeko edo sozial saria azkenik, Ordiziara joan da; Iñaki Hidalgoren Oreka asimetrikoa argazkiarentzat.
Lehiaketara aurkeztutako 39 argazkirekin erakusketa osatu dute. Bihar, 19:00etan, Beasaingo Usurbe Antzokiko erakusketa aretoan egingo dute inaugurazioa. Ondorengo egunetan, Ordiziara, Lazkaora eta Legorretara ere eramango dute.













