Izagirre eta Intsausti, Bahrain taldearen estreinaldian
Lehendik ere gauza jakina zen, baina aste honetan, aurrenekoz ikusi ditugu Ion Izagirre eta Jon Ander Intsausti Bahrain Merida talde berriko elastikoarekin. Taldeak webgunea eta aurkezpen bideoa estreinatu ditu, eta bertan, taldekideen aurkezpena egiten dute. Bideoaren zatirik handiena ingeleraz dago, baina euskara ere entzun daiteke bertan; Ion Izagirrek “hemen gaude denok bat eginda” esaldia botatzen du, bere ama hizkuntzan.
Talde berriak ikusmina sortu du txirrindularitzaren munduan, eta nazioarteko pelotoian indarrez sartzea espero dute adituek. Guztira, hamabi herrialde ezberdinetako 27 lagunez osatutako plantilla izango du taldean. Bertan, Izagirre eta Intsaustirekin batera, Vincenzo Niballi, Franco Pellizotti, Giovani Visconti, Ramunas Navardauskas, Heinrich Haussler edota Javier Moreno ariko dira, besteak beste.